Diseinu munduko goi mailako sortzaileak bilduko ditu ZestaFestak Itsas Etxean

Koldo Nausia 2025ko mai. 22a, 12:29

ZESTAFESTAren bigarren edizioa ospatuko dute maiatzaren 31n Hondarribiko Itsas Etxean. Diseinuko, ilustrazioko edo arte-zuzendaritzako profesionalei eta mundu bisualaren zaleei zuzendutako jardunaldi honetan, erreferentziazko adituen tailerrak eta hitzaldiak proposatuko dituzte goiz eta arratsaldez. Eta Kirol Kaian, DJ saioa eta pintxopote berezi batekin borobilduko dute eguna. Lehen 100 sarrerak eskuratzen dutenek, Jolaskiren katamaranean joan ahal izango dira Itsas Etxetik TOPA! Kaipotera.

Hondarribiko diseinatzaileak eta sortzaileak diren Patri Taberna, Ane Garmendia eta Julia Lasa hirukoaren ekimenez, iaz Gipuzkoan aurreneko aldiz antolatzen zen mota honetako jardunaldia indarturik dator. Hondarribiko Udalaren laguntza ez ezik, ZESTAFESTAren bigarren edizioak Euskal Diseinuaren Elkartearen babesa lortu du aurten, Gipuzkoako diseinu-ekitaldi honi aitortza nazionala emanez.

Maiatzaren 31n Itsas Etxea auditoriumean ospatuko dute, berez, diseinuko, ilustrazioko edo arte-zuzendaritzako profesionalei zuzendutako ekimena. Baina antolatzaileek nabarmendu dutenez, mundu bisualaren zaleei zuzendutako jardunaldia ere bada, eta arratsaldeko hitzaldiak mailako adituekin badira ere, «ez dira serioak izango, umore puntu bat izango dute». Plazer bisualaz gozatzeko aukera ematen duen topaketa dela argitu du Julia Lasa antolatzaileak, eta hitzaldi eta tailer interesgarriak eskainiko dituztela. «Online ikustera ohituta gauden hainbat sortzaile eta haien lanak aurrez aurre ezagutzeko aukera izango dugu», iragarri dute. 

ZESTAFESTAk interesa piztu du, izan ere, goizean antolatutako bi tailerretarako plaza guztiak agortu egin dira dagoeneko. Lehena, KIT plataformak eskainiko du, diseinuaren alorreko online ikastaroak eskaintzen dituen plataforma berria. Tailer honetan David Galar eta Asier Leoz (THRU) izango dira gidari, eta ideia bat animazioan nola bihurtu landuko dute. Bigarren tailerra Elsa Yranzoren eskutik etorriko da: "The OCNIS Banquet". Bertan, identifikatu gabeko objektu jangarriak berrasmatzera gonbidatzen duela diote, kontsumoarekin lotutako formak, koloreak, eta testurak esploratuz.

Arratsaldeko 16:30etik aurrera hasiko dira hitzaldiak, eta bertan sormenaren panoramako izen interesgarriak gonbidatu dituzte. Casa Bien, ongizatea ardatz duen branding agentzia bat; Rocío Egío, gastronomia-ilustratzailea eta sormen arloko enpresa-mentorea; eta bukatzeko, THRU, motion desing-ean espezializatutako estudioa, markaren balioaren identitatea mugimenduaren bidez islatzen duena.

Antolatzaileek gogoratu dutenez, ondo pasatzeko aukera izango da ere. Iaz bezala, eguna amaitzeko TOPA! ospatuko dute Kirol Kaian dauden ostatuekin lankidetzan antolatzen den Kaipoteren bitartez. Pintxopote berezi bat eskeiniko dute eta DJ Jessinmagoren musika izango da. Nornahi bertaratu daiteke TOPA! egitera. Baina lehen 100 sarrerak eskuratzen dituztenek, Jolaskiren katamaranean plaza bat lortuko dute, Itsas Etxetik TOPA!ra joateko. 

Tailer eta hitzaldietarako sarrerak online daude eskuragarri: www.zestafesta.com