Igor Enparan Hondarribiko alkateak positiboki baloratu du aste honetan Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Gipuzkoako kostaldeko udalek sinatutako akordioa, hondartzen kudeaketa 2027 urterarte indartzeko. «Hondarribiarentzat akordio garrantzitsua da, hondartzaren erabiltzaileei, hondarribiarrei eta bisitan etortzen zaizkigunei, zerbitzu hobeago bat emateko aukera emango digu», argitu du alkateak.
Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.700.000 euro gehiago emango dizkie kostaldeko udalei, 2026ko eta 2027ko hondartza denboraldian sorospena, bainu egokitua eta bestelako hondartzako zerbitzuak indartzeko. Diru kopuru horren banaketa, udalerri bakoitzeko biztanleen arabera egingo da, eta Hondarribiari 15.000 biztanletik gorakoa izanik, hondartza gastuen %50 estaltzeko laguntza emango dio aldundiak.
Alkateak azaldu duenez, «aurten Bainu Egokitua programa Foru Aldundiaren bidez eskainiko da Hondarribian ere eta ‘Nik Hondartzak’ izeneko app-an Hondarribiko hondartzako aparkalekuaren betetze-mailaren momentuko informazioa eskainiko da, trafiko egoerak hobe kudeatzeko saiakera modura». Era berean, sorospen eta salbamendu zerbitzua kontratatzeko Erosketa Zentralaren bidez egingo dute, udalerriei aurrezki bat ekarriko diena. «Akordio ona da», Enparanen arabera, baina «aldunditik etorriko zaigun laguntza honetaz gain, gogoratu nahi dut ere Hondarribiko Udaletik, urtero bezala, hondartza egoerarik onenean eta zerbitzu osatuenekin egoteko lanketan jarraituko dugula».
Nolanahi ere, erakundeen arteko lankidetzari esker lortutako akordioa dela nabarmendu du Hondarribiko Udalak «saiakera honetan ordezkari politiko ezberdinen prestutasuna egon delako».