Ospakizun urtea du Hondarribiko Udalak antolatzen duen Bordari-Satarka Literatur Lehiaketak. 40 urte betetzen ditu ipuin (Bordari) eta olerki (Satarka) lehiaketak, eta Maore Sagarzazuk egindako logoa estreinatuko du lehen keinu gisa, baina Garoa Lekuona Euskara Saileko zinegotziak gaurko aurkezpenean azaldu duenez, berritasun gehiago jasoko ditu aurtengo XL. edizioak.
Ekainaren 16an, astelehenean, irekiko da aurtengo lehiaketara lanak aurkezteko epea. Eta gaur eman dituzte xehetasunak Garoa Lekuonak berak, eta Euskara Saileko arduradunak, Ander Moronek. «Herrian eta euskal literatur esparruan errotu eta hainbeste urtetan eutsi izana ez da nolanahiko lorpena», azpimarratu du Lekuonak. Edizio hauetan guztietan hamarnaka autoreren lanak jaso dituztela, eta haiek ere oroitu nahi dituztela nabarmendu du.
Hortaz, 2013an 25. edizioa bete zituenean egin zen bezala, oraingoan ere saritutako lan guztiak berrargitaratu nahi ditu udalak sorta bakarrean. Horrez gain, urte amaieran egingo den sari-banaketa ekitaldian ere denokin partekatzeko moduko ekimen bat egitea aurreikusten dutela aurreratu du zinegotziak.
Aurtengo lehiaketarako baldintzak
Gainerakoan, oinarri berberak mantentzen ditu literatur sariketak. Lanak aurkezteko epea 2025ko ekainaren 16tik irailaren 15era artekoa izango da. Eta lanek euskaraz idatziak, argitaratu gabeak eta beste inon saritu gabeak izan beharko dutela gogoratu dute. Aurrekoetan bezala, lehiaketaren bi ataletan, ipuin eta olerki, 800 euroko lehen saria eta 400 euroko bigarrenaz gain, herriko onena edo Hondarribia Saria ere banatuko dute, beste 400 eurokoa.
Lehiaketa honek bi sari-atal dituenez, Bordari ipuin saria eta Satarka olerki saria, norbere baldintza zehatzak bete beharko ditu orrialde kopuruei buruz, baina gaia librea izango da bietan. Bestalde, lehiakide bakoitzak gehienez lan bat aurkez dezake guztira, eta idazle bakoitzak ezin izango du sari bat baino gehiago jaso.
Baldintza zehatzak hemen ikusi.