Lurraldebuseko E30 eta E29 martxan jarriko dituzte bihar

Antxeta Irratia 2025ko eka. 19a, 12:17

Ekainaren 20tik aurrera, Hondarribiko autobus zerbitzuek hobekuntza nabarmena somatuko dute Lurraldebusen. E29 linea berriari esker, Donostiako ospitalera eta Miramongo Parke Teknologikora zerbitzu zuzena izango da Irun-Hondarribiatik. Bestalde, iaz abian jarritako E30 linea udaran ere berriz martxan jarriko baitute, aireportua Donostiarekin zuzenean lotuz, eta E21 lineako erabiltzaileei aireportura sartzeari utziko dio. 

Iazko esperientzia baikorki baloratzen dute agintariek, eta Donostiatik Hondarribiko aireportura E30 autobus konexio zuzena ekainaren 20tik irailaren 30era bitartean jarriko dute martxan berriz. Turismoa jasangarria izan dadin, eta aireportuak denen eskura jartzeko helburuarekin eskaini zuten iaz zerbitzu aurreneko aldiz. Eta uda honetan ere, Lurraldebuseko zerbitzuak indartu egingo ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiatik Hondarribiko zein Loiuko aireportuetara. Iaz aireportuetako linea hauek 110.000 bidaiari jaso zituen. 

Hondarribiko Udalak azken urteetan galdegindako zerbitzua izan da E30 linea. Izan ere, aireportuko erabiltzaileei Donostiara zuzenean joateko fabore egiteaz gain, aireportuko erabiltzaileak ez diren hondarribiar askok ere eskertuko dute. Zerbitzu honekin 2023ko udan E21 linearen erabiltzaileek pairatu behar izan zituzten eragozpenak errepika ez zitezen bilatzen zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horrela, zerbitzu zuzen honi esker, E21 (Aireportua-Hondarribia-Donostia) aireportura sartzeari utziko dio uda honetan ere. 

Ospitaleak eta Miramon, zuzunean

Bestalde, bidasotarren «aldarrikapen historiko» bati erantzungo dio Lurraldebusek ekainaren 20tik aurrera ere, Hondarribia eta Irundik Donostiako ospitalera joateko autobus zerbitzu berria martxan jarriaz. Gipuzkoako Foru Aldundiak kontzesio berrian aurreikusita bazuen ere, Irun eta Hondarribiko udalek adierazitako beharrari erantzunez aurreratu dute E29 linearen martxan jartzea. Hilaren 20an emango du bere lehen zerbitzua, 07:00etatik 21:00etara, Hondarribitik, eta 08:15etik 22:15era, Donostiatik.

Bidasoko herritarrek urteak daramatzate Donostiako ospitalera zuzenean joan ahal izateko zerbitzu hau eskatzen. Eta azken urteetan, Bidasoko ospitalean desagertu diren hainbat espezialitate kontuan hartuta, geroz eta behar handiagoa dago. E29 lineak Donostiako Ospitalera eta Miramongo Parke Teknologikora joateko aukera emango du Irundik eta Hondarribitik, Donostiako DBus eta bestelako trasbordorik egin gabe. Igor Enparan Hondarribiko alkateak eta Azahara Dominguezek hobekuntza hau nabarmendu dute, ospitaleko erabiltzaileentzat garraioa erraztearekin batera, ospitalean zein Miramongo Parke Teknologikoan lan egiten dute bidasotarrek ere eskertuko baitute.