Udako solstizioa arraunlariekin eta Akelarre ibiltari batekin ospatuko dute Hondarribian

Antxeta Irratia 2025ko eka. 20a, 13:49

Hondarribiko B trainerukoen lehen paladak asteburuan emango dituzten bitartean, ohiturak agintzen duen bezala, udako solstizioa Bentako eremuan ospatuko dute San Juan bezperan Hondarribia Arraun Elkarteko hiru traineruen aurkezpenarekin batera, 20:00etan hasiko da ekitaldia, arraunlari, euskal dantza eta mokaduen artean, eta Akelarre ikuskizun ibiltari batekin borobilduko dute Portua auzoan zehar.

Gizakia gizakia denetik, beti ospatu ditu Lurraren aroak, neguko solstizioa eta udakoa. Hondarribian, aldiz, ekainaren 23an, San Juan bezpera gaua suaren inguruan ez ezik, udako estropadetan lehian ariko diren Hondarribia Arraun Elkarteko hiru traineruen aurkezpenarekin uztartzen dute. Udako sasoian sartzearekin batera, ohitura bilakatu da Hondarribian, eta Benta Zaharreko eremuan Hondarribiko Udalak antolatutako ekimenekin osatuko dute ekitaldia. 

Astelehenean, beraz, 20:00etan Hondarribiko Hiria Musika Bandaren San Juan Zortzikoarekin hasiko da ekitaldia. 20:15ean hiru traineruak aurkeztu, eta ondoren sua piztuko dute. Arraun elkartetik argitu dutenez, umeek arraunlariekin argazkiak egiteko tartea izango dute, eta bertaratuko direnentzako pintxoak prestatuko dituzte, hanburgesak, baserriko oilaskoa, garagardoa eta OLA sagardotegiko sagardoa izango dira aukeran. Ondoren, 20:30ean, Meakako Adixkideen dantzaldia, erromeria, fandangoak eta arin-arinak izango dira, eta Akelarre ikuskizun ibiltari batekin borobilduko dute gero, Santa Maria Madalena plazatik abiatu eta Santiago kalea, San Pedro kalea, Hermandadea eta Domingo Egia kaletik Bentako eremuraino.

Arraunlarien lehen paladak aurretik

Egutegi kontuengatik baina, arraun denboraldia sanjuan sua piztu baino lehen abiatuko da. Larunbat honetan izango dute aurreneko hitzordua KAE1 ligan arituko diren Hondarribia Bko arraunlariek, Astileron, 13:00ean. Igandean, berriz, Pasaian 12:35etik aurrera. Eusko Label eta Eusko Tren Ligak aldiz, uztailaren 5ean abiatuko dira Bilbon.