Joan den ekainaren 19an Hondarribiko hiri-garapena ahalbidetuko duen agiria onartu zuen Udal Osoko Bilkurak. Hirigintza Antolamendu Plan Orokorraren (HAPO) hasierako onarpena, Udal Gobernua osatzen duten Abotsanitz eta EH Bilduren baiezko bozkarekin, PSE-EE udal taldearen abstentzioarekin, eta hilabeteotan eraman den prozesuarekin oso kritikoa azaldu den EAJren ezezkoarekin onartu zuten. Haatik, Igor Enparan alkatearen ustez, oposizioko udal taldeen aldetik aldaketa orok eztabaida sortzen badu ere, orain arte emandakoak «formazkoak izan dira gehiago, edukizkoak baino, proposamen alternatiborik ez baitute egin». Alde horretatik, alkateak oroitarazi du ardurak «gauzak aldatzeko» hartu zituztela gobernuan sartzerakoan, eta bide horretan lanean jarraituko dutela.
Etxebizitza paradigma aldaketa
Alde horretatik, datozen 15 urteetan Hondarribiaren garapena baldintzatuko duen HAPO berrituak, etxebizitza politikan paradigma aldaketa baino, «Lurzoruaren eta Etxebizitzaren Legeak salbuespenik gabe herritarren faboretan aplikatzea da udal gobernuak egindako aldaketarik handiena». Izan ere, 900 etxebizitza publiko ahalbidetu nahi dituzte «herritarren beharrak asetu eta gizarte kohesionatuago bat lortzeko». Babes publikoa izango duten etxebizitza horiek "mixtura" deituriko sistema hibrido batekin garatzeko apostua egin baitu Udal Gobernuak.
Alkateak aldarrikatzen du HAPO berriak herrian bizi nahi duenak aukera izan dezan bermatuko duela. Eta orain arte egin den etxebizitza politikak herri nortasunean eta gizarte kohesioan eragin duena erreparatzeko saiaketa bat dela. Izan ere, «etxebizitza pribatuak eta publikoak eremu berean eraikiko dira, eta gizartean, kalean ematen den bezala, elkar biziko dira», azpimarratzen du Enparanek, «administrazio publikoak baldintzak jarri behar ditu edozein diru-iturri daukatela ere, herritarrek berdintasunean bizi daitezen». Muliate bezalako babes publikoko promozio trinkoen aldean, luxuzko edo gaitasun ekonomiko altua dutenentzako etxeak ugaritu baitira herrian, eta bereizketa soziala eta «lehen eta bigarren mailako hondarribiarrak» sortzen dituelakoan dago. Orain, aldiz, baldintza bertsuetan promozio guztietan merkatu pribatukoak eta publikoak uztartuko dituzte.
Jarduera ekonomiko jasangarriagoa
Bestalde, HAPOak etxebizitza turistiko berriak mugatzeko aukera emango du ere. Horretarako tresna dela defendatzen du alkateak, hainbat udalerritan dekretuz edo udal ordenantza bidez arautzen saiatu badira ere, auzitegiek atzera bota dituztelako halakoak, horretarako tresna Hirigintza Plana dela argudiatuz. Hartara, Hondarribian bereziki Alde Zaharra eta Portua auzoan, egurrezko etxebizitzak ezingo dira etxebizitza turistikoetarako bideratu. Eta eraikin berean sor daitezkeen VT kopuruak ere mugatzen duten salbuespenak aurreikusten ditu: eraikin bakoitzean lehenengo solairuan bakarra izan daitekeela, eta zazpi solairu baino gehiago duten eraikinetan ere, lehenengo solairuan halako bat baldin badago, gehienez ere beste bat baimenduko da eraikinean.
Era berean, herrian jarduera ekonomikoetara bideratuko diren lursailen kasuan, Zaldunborda-Gaina eta Zubieta bereziki, «balio handiko berdeguneak babesteko» irizpideak markatuko ditu HAPO berriak. Bi eremu hauetan lehenagotik garatzea aurreikusten ziren jarduera ekonomiko motak egokituz horretarako, izan Makro Outlet proiektua alboratuz, izan Parke Teknologikoa lehen sektoreari begira moldatuz.
HAPOa behin-behinean onartuta dagoela, orain urtebeteko epea aurreikusten dute agintariek lurralde antolamenduan zeresana duten goragoko erakundeek egin beharreko zehaztapenak argitu, eta behin betiko onartu ondoren aplikatzen hasi ahal izateko. Dena ongi bidean, 2040 urtera begirako plana da HAPOa. Eta alkateak «15 urte barru Hondarribiaren argazkia» dela aintzat hartuta, plana beteko bada herritarrak bertan bizitzeko Hondarribia bat irudikatzen du: «herri bizigarria, hau da bai eskaintza kulturala, bai zerbitzuak norbere bizi den auzotik gehienez 15 minutura oinez edukiko dituena, irisgarria eta jasangarria izango den herri bat, egiten ari garena da herritarrentzat herri bat», aldarrikatu du.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!