2009an Amute auzoan kirol gunea eraiki zenetik erabilera handikoa izan da. Eta berritze prozesuan darama urte hasieratik. Joan den otsailean belar artifizial berria jartzeko 37.061 euroko aurrekontua bideratu zuen udalak. Eta hortaz gain, Amuteko kirol gunean aurrerago beste hobekuntza batzuk egingo zituztela iragarri zuen udalak, batez ere saskibaloiko eremuan. Oraingo honetan, 3x3 saskibaloi kantxa bat birmoldatu egin dute.
Domotika energia aurrezteko
Hobekuntza nabariena, aldiz, argindar instalazioari dagokio. Hondarribiko Udal Brigadako langileek Amuteko kirolgunearen argiak domotizatzeko lana egin dute. Orain artean 7.000 watt kontsumitzen zituzten sodiozko argiak kendu, eta horien ordez 3000 watt-eko kontsumoa duten led argiak jarri dituzte. Udalak argitu duenez, KNX instalazio domotiko bat egin da, pertsonak bertan daudenean bere gisa erregulatzen dena.
Instalazioa lau eremutan banatuta dago: pilotalekua, futbol-kantxa, saskibaloi-kantxa eta mahai-jokoak. Hala, iluntzen ari denean eta eremuren batean inor ez dagoenean, argiztapena %20ra murrizten da, eta instalazioak jendea detektatzen duenean, aldiz, argiztapena %100era aktibatzen da. Honi esker energia asko aurreztuko dutela aurreikusten da.