Hondarribiko Udaleko Euskara Sailak urteroko dirulaguntzak eguneratu eta indartu egin ditu. Hondarribiko iruditeria euskalduntzeko eta herritarrek euskaraz aritzeko laguntzak dira honakoak, herrian euskararen normalizazioa helburu. Ordenantza moldatzeko prozeduraren ondorioz atzeratu egin dute aurtengo deialdia, baina uztailaren 1etik irailaren 15era eskatu ahal izango dira. Orain artean baino 10.000 euro gehiago bideratuko ditu udalak aurten, eta guztira 47.600 euro bideratuko dituzte. Laguntza berriaz gain, orain arte eskaintzen zituzten beste bost lerroetatik hirutan aldaketak egin dituzte.
Hala ere, Hezi Euskaraz izeneko laguntza da berrikuntza nagusia. «Argi daukagu euskararen transmisioa gertatzeko haur eta nerabeen artean eskolak ez direla nahiko, eta beraien eguneroko beste esparruetan ere euskara ziurtatzea garrantzitsua denez, bereziki jarri dugu begirada aisialdi eta kirol guneetan», dio Lekuonak. Hartara, 5.000 euro gorde dituzte aurtengo udal aurrekontuetan aisialdi edo kirol klubetan zuzendari, begirale edo entrenatzaile izateko formakuntza euskaraz egiten dutenei matrikula gastuaren %50 udalak ordaintzeko, gehienez ere 250 euro.
Bestalde, Ikasi euskara deituriko dirulaguntzaren kasuan, lehen aldiz doakoa izango da euskaraz ikastea, orain arte gehienez %75a ordaintzen baitzuen udalak. Euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egin dituzten 16 urtetik gorako herritarrek, eta autoikaskuntza ikastaroak, barnetegietan ikastaroak edo unibertsitateek udal euskal kulturari buruz antolatutako ikastaroak egin dituztenek eska dezakete.
Era berean, merkataritza eta ostalaritzaren arloan, Bistaratu euskara dirulaguntza lerroaren bidez herriko komertzio, ostalaritza, zerbitzu eta enpresa establezimenduetako errotuluez gain, lanerako ibilgailuen errotuluak ere euskaraz izatea lortu nahi du udalak. Horiek euskaratzeko %50eko laguntza emango du udalak, gehienez 400 euro, errotulua euskara hutsez bada. Elebidun dutenei %25, eta gehienez ere 200 euroko laguntza.
Aldaketen artean ere, Nabigatu euskaraz dirulaguntza lerroan irizpide aldaketak egin dituzte. Webguneei dagokienez. Kasu honetan, euskara hutsean %100eko dirulaguntza izango dute, gehienez ere 500 eurokoa. Eta ataria ele bitan edo hizkuntza gehiagotan izanda, euskara lehenesten bada %70eko laguntza. Hizkuntza ezberdinak jasota lehen hizkuntza euskaraz ez bada, %25eko laguntza emango du udalak. Lekuonak iragarri duenez, puntu.eus domeinua erosteko ere, lehen urteko gastua estaltzeko laguntza emango du Hondarribiko Udalak. Bestalde, irizpide hauek guztiak beteko direla kontrolatzeko bi urtez jarraipena egingo dute.