Gazara laguntza bidaltzen jarraitzeko bazkari solidarioa antolatu du Etxarak uztailaren 12an

Antxeta Irratia 2025ko uzt. 3a, 11:22

Etxara elkarteak iaz Kasino Zaharrean antolatutako marmitako herrikoiak 200 lagun bildu ondoren, aurten Zumardian eman dute hitzordua, uztailaren 12an, lortutako dirua gazatar familiei bidaltzeko helburuarekin. Txartelak 20 eurotan daude salgai Ttoparan, Ondar eta Ipotx dendan ere. Eta Ramon Muñozek, Etxara elkarteko kideak gogoratu duenez, bazkarira joaterik ez duenak ere 0 lerroaren bitartez lagundu dezake 10 eurorekin.

Palestinar herriarekin elkartasunean eta Israelen basakeria salatzeko Gernika Palestina Herri Ekimenak azken urteetan gure eskualdean antolatutako mobilizazio eta ekimenez harago, Hondarribiko herria oso aktibo azaldu da palestinar herria babestu eta lagundu nahian. Etxara elkartea dabil horretan, eta iaz antolatutako Gazaren aldeko herri bazkarian 200 lagun inguru bildu ondoren, uztailaren 12an bigarrena antolatu dute Zumardian (14:00etan). Iaz, Done Pedro Itsasgizonen Kofradiak lagundutako marmitako herrikoia izan zen Kasino Zaharreko lorategietan. Aurten, aldiz, paellada proposatuko dute, helburu beretsuarekin. 

Txartelak 20 eurotan daude salgai Ttoparan, Ondar-en eta Ipotx dendan ere. Eta Ramon Muñozek, Etxara elkarteko kideak gogoratu duenez, bazkarira joaterik ez duenak ere 0 lerroaren bitartez lagundu dezake 10 eurorekin. Argitu dutenez, bildutako dirua gazatar familiei bidaliko zaie SUMUD Jerez kolektiboaren bidez.

Hondarribia palestinar herriarekin bat

Etxara elkarteak palestinar herriarekin elkartasuna presente mantentzen du Hondarribian. Iaz antolatutako herri bazkariaz gain, aurtengo Santo Tomasetan txosna jarri zuen gazatarren alde dirua biltzeko helburuarekin. Eta Hondarribian hainbat ekimen antolatu ditu udalaren laguntzarekin, herritarrak sentsibilizatzeko. Joan den otsailean, hain justu, antolatutako ekimenei esker Hondarribian lortutako 9.225 euroko laguntza banatu zuten Palestinar Langileen Komiteen Elkarteko kideek Jabalia-Gazan, ur edangarria, janaria, umeentzako produktu zein eskudirutan. 

Otsailean banatu zuten Jabali-Gazan iaz Hondarribian bildutako 9.225 euroen laguntza oinarrizko produktuetan.

Joan den azaroan, aldiz, Ipar Zisjordaniako Askar errefuxiatu eremuko Haweia dantza taldeko dantzariak herrira gonbidatu zituzten, eta Hondarribiko Udalaren babesarekin, Itsas Etxean "DAKBE" ikuskizuna aurkezteaz gain, erresistentziaren ikur den Dakba dantza tradizionala plazaratu zuten Madalen plazan, Kemen dantza taldeko zenbait dantzariekin batera, elkartasun besarkada bat sinbolizatuz. Asteburu berean, olibondo bat landatu zuten Kasino Zaharreko lorategian. Palestinarrentzat olibondoa zuhaitz bedeinkatua baita, lurrari lotura, bakea eta erresistentzia sinbolizatzen duena, eta Hondarribian landatutakoa «munduko herriekiko elkartasun ikur modura» egin zuten herriko lur publikoetan, eta udalaren baimenarekin, «bakea eta itxaropena erein eta errotzeko lekua» bilaka dadin. 

Oraingo honetan, Zumardia herri bazkari batekin egin nahi dute hurrengo urratsa. Eduardo Galeanoren hitzak oinarri hartuta, «elkartasuna eta ekintza txikiak aldaketarako bide gisa» ulertzen baitituzte Etxara elkartean. Uztailaren 12an herri bazkariaren parte-hartzaileei kufiyak jantzita joateko deia egin diete, palestinarren aldeko keinu gisa.