Hondarribian jazotako indarkeria matxista kasu baten berri izan du Hondarribiko Udalak. Horrenbestez, Berdintasun arlotik indarkeria matxistaren aurkako erantzun publikoa emateko Protokolo Instituzionala aktibatu du, informazioa baloratzeko eta, biktimari egokia den arreta eman ahal izateko, beharrezkoa den koordinazioa ziurtatzeko. Era berean, udal talde politiko guztiek adostuta, gaitzespenik gogorrena adierazteko Adierazpen Instituzionala plazaratu berri dute. Hondarribiko Udalak, «laguntza nahiz begikotasun osoa adierazi nahi dio erasoa pairatu duen emakumeari eta baliabide guztiak jarri ditu bere esku, baita bere onera etortzeko prozesuan behar izan dezakeen laguntza guztia ere». Argitu dutenez, Hondarribiko Udalak gertaeraren berri izan duenetik eta erasoari buruzko informazioa egiaztatu, erkatu eta zabaldu ondoren, Indarkeria matxistaren arreta egokia bideratu du.
Bestalde, Hondarribiko Udalak hurrengo erabakiak hartu ditu: «alde batetik, Udalaren jarrera irmoa adieraztea, argi eta garbi esateko ez ditugula inola ere onartzen emakumeen eskubideak urratzen dituzten eraso makur hauek; eta, bestetik, herritar guztiei bide bat eskaintzea, gaitzespen argi bat agertu dezaten emakumeen aurkako indarkeriaren aurka». Izan ere, indarkeria matxistak jatorrian arazo sakon bat daukala gogoratu dute udal agintariek, «emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituen ideologia». Hemen adierazpen instituzional osoa
Alde horretatik, Hondarribiko Udalak «udalerrian bizi garen pertsona guztiok eskubide guzti-guztien jabe garela bermatzeko ardura osoa» duela dio, eta beraz, «ez du atsedenik hartuko ahalegin honetan, gure bizikidetza demokratikoaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honen irtenbidea bilatu beharra baitago guztion artean». Hartara, Hondarribiko Udalak emakume elkarte eta mugimendu feministarekin koordinatuta erasoa gaitzesteko elkarretaratzea deitu du Martxoak 8 plazan, uztailak 12, larunbata honetan 11:30ean.