Denboraldi hasiera txukuna egiten ari da Ama Guadalupekoa harrobi lanari eutsiz

Antxeta Irratia 2025ko uzt. 15a, 08:43

Gizonetan zein nesketan, patroi onenaren sailkapen buru daude Joseba Amunarriz eta Miren Garmendia, Euskolabel eta Euskotren ligatan. Gizonekoetan, eskifaia nabarmen gaztetu eta aldatuta ere, mailari eutsi dio Eusko Label ligako hasiera honetan. Espero baino hobeto ekin dio denboraldiari, eta aurreneko lau estropadak jokatuta, bosgarren postuan dago. 

Bigarren txandaren jabe bada ere, gora begiratzeko asmo dute Mikel Orbañanosek entrenaturiko arrunalariek. Joan den igandean hirugarren egin zuten Zierbenako banderan, eta arraunlari garrantzitsuek taldea utzi badute ere, gazteak ondo egokitu dira. Uretan lan txukuna egiten ari dira, eta horren adierazle dugu Joseba Amunarriz Caixabank patroi onenaren sariaren sailkapen buru dela, 35 punturekin. 

Joan den asteburuko lanarekin pozik dago Inigo Vertiz, teknikaria. Izan ere, Donostian bosgarren, eta igandean Zierbenan gozatu egin zutela dio, baita hirugarren amaitu ere. Ohorezko txandan sartzetik hurbil dabil, Donostiarra hiru puntura baitago, joan den larunbateko bere bandera irabazi bazuen ere. Hurrengo astebururako gogotsu daudela aitortu du Vertizek, eta prestaketa lanetan gogor ariko direla. Larunbatean, uztailaren 19an, Pasai Donibaneko CMO-Valves Bandera jokatuko dute 18:15etik aurrera. Eta igandean, aldiz, Orioko XXXV. Estropada izango dute jokoan.

Nesken emaitzak ikusita, aldiz, Iker Cortesek entrenaturiko arraunlariak sufritzen ari direla dirudi, baina arraunkeran ondo ari direla nabarmendu du. Eta 9 punturekin Euskotren Ligaren azken sailkatua bada ere, Donostiarrarekin batera, gora begiratzeko helburuarekin ureratuko dira heldu den asteburuan. Nabarmendu beharra dago, alde horretatik, patroi onenaren EITB Sariaren sailkapenean, hondarribiarren patroia, Miren Garmendia 28 punturekin lehen sailkatua dela abantaila handiarekin.

Argazkia: Aitor Arrizabalaga