Ostatu eta jatetxeetan ere euskaraz egiteko 'Bertatik Bertara' kanpainari ekin diote Hondarribian

Koldo Nausia 2025ko uzt. 15a, 11:07

Aurten herriko 32 ostatu eta jatetxek bat egin dute "Ongi Etorri Euskararen Herrira!" lelopeko kanpainarekin. Hondarribiko Udalak UEMAren laguntzarekin, bisitariei, zerbitzu sektoreko langileei eta herritarrei euskarak duen garrantzia ikusarazteko helburuarekin, Bertatik Bertara kanpainaren diptiko eta kartelekin batera, ostalaritzan ere euskaraz aritzeko oinarrizko hiztegia eskaintzen dute formatu ezberdinetan.

Hondarribia UEMAko (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko) kide denez, UEMAK prestatzen dituen kanpaina ezberdinak Hondarribian ere burutzen dira. Horietako bat Bertatik Bertara kanpaina da, udaro bisitariei, zerbitzu sektoreko langileei eta herritarrei euskarak duen garrantzia ikusarazteko helburu duena. Kanpaina honen lelo nagusia Ongi Etorri Euskararen Herrira! da, eta material ezberdinak eskaintzen dituzte horren berri emateko. Kanpainaren irudia eta hiztegia duen mahai-gainekoak, euskaraz aritzeko oinarrizko hiztegi fisikoak, diptikoak edota kanpainaren kartelak, non QR kodigoari esker euskaraz aritzeko hiztegi digitala topatuko duten gaztelerara, katalanerara, galizierara, frantsesera edo ingelesera itzulia.

Garoa Lekuona Euskara zinegotziak herriko ostalarien erantzuna eskertu nahi izan du. Izan ere, iaz 12 ostatu eta jatetxek parte hartu zuten bitartean, uda honetan bigarrenez abian jarritako kanpainan Alde Zaharra, Portua eta Kirol Kaian dauden 32 establezimenduk hartuko dute parte. Hala ere, bide honetan sakontzen jarraitzeko asmoa adierazi du zinegotziak. «Guztiok argi dugu pauso gehiago eman behar ditugula euskararen presentzia handiagoa izan dadin. Horretarako udazkenean lanketa sakonagoa egingo dugu herriko auzo ezberdinetako taberna, kafetegi eta jatetxeetan, bakoitzari zerbitzu pertsonalizatua eta doakoa eskainiz euskararen presentzia normalizatzeko helburuarekin», iragarri du. 

Alde horretatik, Hondarribian euskararen erabilera sustatzeko erronka handia dela aitortu du Lekuonak. Izan ere, azken entzuketa soziolinguistikoen arabera, herriko kaleetan emandako elkarrizketen %16 besterik ez dira euskaraz egiten, jakintza %74koa den bitartean. 

OHARRA: Hauek dira iraila bitarte parte hartuko duten taberna, kafetegi edota jatetxeak:

Kirol Kaia: Basque Taberna, Kalima Jatetxea, El Curry Verde eta Casa Santamaria

Alde Zaharra: Tatapas, Batzokia, Larra, Gure Ametsa, Alameda, Aindire, Palacete, Danontzat, Ttopara, Badia, Medievo

Portua: Ardoka Sagardotegia, Zabala, Ondarribi, Txantxangorri, Branka, Gaxen, Enbata, Hondar, Loretxu, Miramar XXL, Amona Margarita, Route 33, Ignacio, Lekuona, Maite, Itxaropena eta Itxaspe.