Etxeko bi puntisten parte hartzearekin ekingo dio bihar Hondarribia Grand Slam txapelketak

Antxeta Irratia 2025ko uzt. 17a, 10:19

Uztailaren 18tik irailaren 19ra goi mailako zesta-puntaz gozatzeko aukera izango da Jostaldi pilotalekuan. 2007tik bertan ospatzen den Hondarribia Grand Slam eta emakumeen Masters Series txapelketetan munduko puntistarik onenak bilduko dira. Aurtengo nobedadeen artean, Hondarribiko Pilota Eskolaren harrobitik sortutako bi hondarribiarren parte hartzea izango da. Julen Basterra batetik, eta debuta egingo duen Oier Kanpandegi. 

Bihar ekingo diote Hondarribia Grand Slam zesta-punta txapelketari Jostaldi pilotalekuan. Jai Alive enpresak eta Hondarribiko Pilota Eskolak, udalaren babesarekin 2007. urtean egindako apustuak bere fruituak eman ditu. Izan ere, urtero zesta-punta zaletasuna harmailetan sustatzeaz gain, harrobi lana ere egin du urteotan guztiotan Hondarribiko Pilota Eskolak.

Ostiralean hasi eta irailaren 19ra arte, ostiralero, 20:00etan jokatuko diren partidetan berri garrantzitsuak ditugu. Izan ere, lehen aldiz, bi hondarribitar izango ditugu txapelketan. Julen Basterra batetik, jadanik ezaguna zesta-puntan, eta debuta egingo duen 20 urteko Oier Kanpandegi. Honek, munduko aurrelari top batekin egingo du bikote, Erik Mendizabalekin.

Neskeen Master Seriesean, aldiz, munduko neska onenek jokatuko dute Hondarribian, gaur egungo munduko txapeldunak Erika Mugartegi eta Arai Lejardi, adibidez. Udan beti, Gernika, Donibane Lohitzune edo Miarritzerekin batera, Hondarribia zesta-puntaren erreferente bilakatu dela dio Mikel Egiguren, Jai Alive enpresako ordezkariak. «Leku estrategikoa da Hondarribia, zale gipuzkoarrak eta nafarrak hurbiltzeaz gain, Ipar Euskal Herritik ere asko hurbiltzen dira Jostaldira, eta goi mailako jokalariak erakartzen ditu urtero», argitu du. 

Gogoratu partiduak beti ostiraletan izaten direla, gaueko 20:00etan. Eta sarrerak www.jaialive.eus webgunean dituzue online salgai, eta Arma Plazan edo frontoiko leihatilan eskuratu daitezkelae. Ligaxkako partidutak 10€ dira, finalerdiak 12€, eta finala 15€ euroko prezioan.