2024ko kontu orokorrak onartu zituen atzo Hondarribiko Udalak. Legez uztailaren 31 baino lehen onartu behar ditu, ondoren Herri Kontuen Euskal Epaitegiak ontzat eman ditzan. Abotsanitz eta EH Bilduren baiezko bozkarekin onartu zituzten, oposizioko udal taldeekin eztabaida antzu bat tarteko. Izan ere, PSE-EEk kontra bozkatu zuen bitartean, EAJ udal taldea abstenitu egin zen. Baina jeltzaleek Abotsanitz oposizioan zegoenean kritikatzen zuena egin izana leporatu dio Igor Enparan alkateari. Hain justu, udal kontu hartzaileak «lizitazio publikoko prozedurei jarraitu gabe kontratatzen diren zerbitzuetarako kontratu txikiak gehiegikeriaz erabiltzeagatik» egindako erreparoen aurkako hainbat ordainketa ebazpen dekretu sinatu ditu alkateak 2024an.
Aste honetan zenbait komunikabidetan EAJk salatu du, 50 kontratuetan iaz 12 milioi euroko ordainketak egin dituela Hondarribiko Udalak modu horretan, «jada iraungita dauden kontratuak dituzten enpresei fakturak ordaintzeagatik». Eta aurreko legealdian, alkateak berak «onartezintzat jotzen zituen praktikak» direla horiek salatu dute jeltzaleek, eta orain «azalpenik gabe» sinatzen dituela.
Atzetik datorren arazoa
Haatik, udalbatzan azalpenak eman ditu alkateak, baita jeltzaleen jokamoldea salatu ere. Batetik komunikabideetan salatutako 12 milioi euroko fakturak milioi eurokoak izan direlako gerora, udal osoko bilkuran benetan leporatutakoak. Antxeta Irratiak EAJ udal taldeari zerrenda zehatza eskatuta, ez du informaziorik jaso ahal izan. Udalera jo ondotik, zehazki, orotara erreparo altxatzeen ondorioz kopuru osoa milioi euro ingurukoa dela argitu ahal izan dugu.
Alde horretatik, Igor Enparanek «jeltzaleek zifrak puztu egin dituztela» salatu du, eta «eskandalagarria da» bere ustetan, eta aitortu duenez, 2011 urtetik iraungitako hainbat kontratu eta zerbitzuk martxan jarrai dezaten, ezinbestean onartu behar izan ditu. Hala ere, gobernuan daramaten bi urteotan, zerbitzu horietariko asko lehiaketa publiko bidez berriz esleitzeko bidean jarri dituzte.
«Eskandalagarria da ere» alkatearen arabera, aurreko legealdietan EAJk gobernuan eramandako kudeaketaren ondorioak zuzentzen aritu behar izatea 2025 urtean. Gogoan hartu beharra dago, Abotsanitzek MONTAI enpresari 2012az geroztik ordaindutako zerbitzuak kontratu eta lehiaketa publikorik gabe egin izana leporatu ziola EAJri. 2 milioi euro 2013tik 2020ra. Baina ez dira horrela ordaindu izan diren zerbitzu bakarrak. Zentzu honetan, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak Hondarribiko Udalaren kontuen auditoria sakon bat iragarri zuen 2020 urtean, zortzi txosten aztertzeko.
Aipatutako MONTAI taldeko lau enpresei 2015 eta 2019 artean udalak egindako zerbitzu prestazioengatiko ordainketak batetik, Hondarribia Lantzen sozietate publikoaren jarduera 2016-2019 artean, eta azterketarik sakonena, 2011tik 2019 bitarteko Hondarribiko Udalaren ekitaldi ekonomikoen azterketa. Iada, Aitor Kerejeta (EAJ) alkate zeneko 2014. urteko ekitaldia auditatu izan zuen epaitegi honek hainbat irregulartasun adieraziz. Eta bistan da, orain artean ez direla zuzendu.
Igor Enparan alkateak argitu duenez, udal gobernua bi urte darama legeak agintzen duen lehiaketa bidez esleitzeko prozesuak martxan jarri nahian. Eta zenbait kasutan «hutsetik» egin behar izan dutela dio. Prebentzio Komunitarioaren kasuan, adibidez, 2008an iraungitako kontratua urtero onartzen zelako «inolako informe eta memoriarik egin gabe». Baina Igor Enparan haratago joan da udal osoko bilkuran emandako azalpenetan. Eta berak alkate gisa izenpetu behar izan dituen dekretuen udal kontu hartzailearen erreparo zehatzetaz mintzatu da, adibideak jarriaz. Aurreko gobernu jeltzalearen eskutik zetozen udaleko aseguruak, adibidez, MAPFRE enpresarekin, informatika zerbitzuen kontratua, edota kultur ekitaldien oholtzen muntaketa, aipatutako MONTAI taldeko lau enpresekin dekretuz egiten zena, besteak beste.