Tzane Carrillo: «Emakume margolariek abuztuaren 10a haientzat har dezatela nahi dugu, gizonezkoak baitira gehiago errazagoa dutelako»

Koldo Nausia 2025ko uzt. 21a, 08:11

1994. urteaz geroztik Emeki elkarteak antolatzen duen Kaleko Margo Lehiaketa egingo dute abuztuaren 10ean. Margolariek hautatu beharreko txokoa, Alde Zaharra eta Portua auzoetara mugatuko dute, iaz bezala. Bertakoak eta estatu osotik iritsitako dozenaka margolari bildu ohi dira urtero, goizetik arratsaldera margolana bukatzeko erronka onartuta. Emeki elkarteak emakumeen parte hartzea handitzeko deialdi berezia luzatu du aurten.

Iaz 30. edizioa bete zuten Emeki elkarteak antolatzen duen Kaleko Margo Lehiaketak. Lehen saria Ricardo Azkargorta bergararrak eskuratu zuen, bigarrena Maria Maldonadok eta Iratxe Airesek hirugarrena. Hirurak dira Hondarribiarekin lotura duten margolariak, baita lehen biak urte luzez lehiaketan ariturikoak. Izan ere, azken hiru hamarkadatan hitzorduak lortu duen errotzearen lekuko, urtero estatu osotik hurbiltzen diren margolariak bildu ohi dira Hondarribiko txokoren bat mihisean irudikatzeko asmoz.

Abuztuaren 10ean ospatuko dute aurtengoa, eta dozenaka margolari espero dituzte antolatzaileek. Tzane Carrillo, Emeki elkarteko kide eta lehiaketaren eramaileak gogoratzen duenez, iaz ezarritako baldintza berriari eutsiko diote aurten ere. «Erabaki genuen margolanak Alde Zaharra eta Portua auzoetako txokoetara mugatzea, eremu horietan badute margolariek aski leku eder aukeratzeko», dio Carrillok. Izan ere, herriko gune zenbaitzuk denboraren poderioz duten bilakaeraren bilduma egin nahi dute.

Joan den urteko 30. urteurrenarekin batera, Itsas Etxean urteotan guztiotan saritutako lanen erakusketa antolatu zuten. Eta «polita izan zen margolanen bidez ikustea herria nola aldatu den 30 urteotan». Elkarteak ondo gordeak dauzka margolan guztiak. Batzuk, Emeki elkarteko egoitzaren hormak apaintzen dituzte. Baina 1994. urteko aurreneko edizioaz geroztik antolatutako lehiaketa guztietan elkarteak bildu duen bilduma «herriaren ondare edo altxor» bat dela dio, eta «behar bezala gordetzeko udalarekin ari gara ikusten ea nola egin». 

Emakumeei deialdi berezia

Emeki elkarteko kideak gogoratzen duenez, emakumeen ahalduntzeko helburuarekin elkartearen hastapenetan margotzeko tailerrak garrantzia izan zuen. San Pedro kalean egoitza zuten garaietan hasi ziren herriko emakumeei aukera hau eskaintzen, eta hartatik erabaki zuten Kaleko Margo Lehiaketa antolatzea. Herrian zaletasun handia zegoela nabarmentzen du Carrillok, «historikoki hala izan da, garai batean 30 galeria baino gehiago zeuden herrian, baina hori desagertzen joan da, eta elkartean ere, gaur egun ez dugu ikastarorik eskaintzen, zaila delako». 

Ildo beretik, aurtengo lehiaketarako herriko eta eskualdeko emakumeei parte hartzeko dei berezia egin nahi du Emeki elkarteak. Urtero gizonezko margolari gehiagok parte hartzen baitute, emakumezkoak baino. «Badakigu emakume asko dagoela margotzen duena, baina zailtasunak dituzte egun osoa horretarako hartzeko», dio Carrillok, «zoritxarrez, oraindik ere egun oso bateko ekimen batean parte hartzeko errazagoa dute gizonek», kexu da. Bere ustez, «gizonek gustuko duten zerbait egitea erabakitzen badute, askoz ere askatasun gehiago daukate emakumeek baino, zaintza lanak direla eta ez direla, emakumeek zailagoa dute euren denbora libre hori antolatzea». 

Hortaz, lehiaketan parte hartu, eta eskualdekoak izan ala urrutitik etorrita izan, emakumeei haien familia osoarekin Hondarribira egun pasa etorri, eta margolan bat egitera animatu nahi ditu Tzane Carrillok. 

Teknika librea eta baldintza gutxi

Kale Nagusia, Kai Zaharra, San Pedro kalea, Arma plaza, Gipuzkoa plaza, Damarri plaza, Kasino Zaharra… margolari bakoitzak gustukoen edo inspiratzaileen duen lekua hautatuko du abuztuaren 10ean goiz hastapenean. Forma eta teknika librea bada ere, baldintza bakarrenetakoa hori baita: egun bakar batean hutsetik hasita Hondarribiko txokoak erakustea. «Harrigarria izaten da ikustea, nolako koadroak egin ditzaketen egun bakar batean» dio Emeki elkarteko Tzane Carrillok.

Izan ere, parte hartzaileek goizeko 9:00etatik 11:00etara lientzo edo mihisea zigilatu beharko dute Emekiren egoitzan, eta gehienez ere 17:00etatik 18:00etara entregatu beharko dute, behin obra amaitutakoan. «Polita da ikustea goizetik arratsaldera bitarte nola ateratzen duten txokoen arima, askotan ez delako leku eder bat margotzea bakarrik», dio.

Carrillok aipatu digunez, teknika librea da, oleoa, akuarela, akrilikoa ala mistoa izan daiteke, eta 100 X 100eko neurria izan daiteke aurkeztu daitekeen handiena. Eta obra amaitzeko denbora mugatua izanagatik ere, artista asko dira metro koadroko artelanekin animatzen direnak. Bertatik bertara, kalean bertan marraztutako eta margotutako lanak jasoko dituzte soilik. Hau da, argazki, lamina edo antzekoetan oinarritutako lanak ez dituzte onartuko. 

Horiek hala, margolari askok lehiaketa hau erreferentziazkoa dute, herri aproposa delako. Gainera, aparteko paisaiak ez ezik, sariak ere aipagarriak dira. Aurtengoan 1.000, 700 eta 500 euroko sariak banatuko ditu Emeki elkarteak. Eta antolatzaileek iragarri dutenez, lehiaketarekin kolaboratzen duen Irungo Atrezzo marko dendak koadroaren enmarkazioa egiteko akzesita ere emango dute opari gisa. Hortaz gain, Done Pedro Itsasgizonen Kofradiarekin aspalditik harremanetan daude, eta honek opari txiki bat ematen die irabazle guztiei.