“Zero Zabor Uretan” kanpainaren barruan, Mater itsasontzi-museo interaktiboa berriz dabil Euskal Herriko portuz portu, zazpigarren urtez jarraian. Ekimenaren xedea itsas ingurumena zaintzea eta kontzientzia ekologikoa zabaltzea da, eta uda honetan ere hainbat portu bisitatuko ditu ohiko moduan. Uztailaren 21ean eta 22an Hondarribira iritsiko da, haur eta familientzako jarduera anitzekin: tailerrak, bisita gidatuak eta aurten, berrikuntza modura, hondakin bilketa herritarrekin batera.
Materrek herritarren parte-hartzea eskatzen du, bai informazioa jasotzeko, bai ekimenaren antolaketan laguntzeko. Markel Elizalde ontziko kidearen hitzetan, “ekintza kolektiboek duten indarra baliatu nahi dugu, ingurumenarekiko ardura partekatuz”.
Gainera, aurten ere nabigazio berezi bat eskainiko da: Getariatik Hondarribira egurrezko azken euskal hegaluze-ontzian. Parte-hartzaileek aukera izango dute paisaia ikusgarriaz, euskal itsas kulturaz eta tradizioaz gozatzeko. Nabigazio honek “Zero Zabor Uretan” kanpainaren helburuak babesten ditu, eta 50 euroko ekarpenaren truke egin daiteke. Erreserbak telefonoz egiten dira, 619 814 225 zenbakira deituta.