Aurtengo Urrezko Intsignia nork jasoko duen proposatu dezakete hondarribitarrek

Antxeta Irratia 2025ko uzt. 22a, 11:36

Gloria Gonzalez Aseginolaza, iaz, Urrezko Intsignia jaso ondotik. Ikerne Zarate/Bidasoko Hitza

Hirugarren urtez, prozesu parte hartzaile baten bidez hautatuko dute irailaren 7an banatzen den ikurra. Uztailaren 29ra arte proposatu ditzake izenak 16 urtetik gorako hondarribitar orok.

Hondarribiko jaien hasierarekin batera, Hiriko Urrezko Intsignia banatzen du Udalak. Azken bi urteetan, Carol Atxukarro makillaje artistak eta Gloria Gonzalez Aseginolaza zientzialariak jaso dute, herritarrek hala hautaturik. Lehen fase batean, uztailaren 29ra arte, Hondarribian erroldatua den 16 urtetik gorako pertsona orok izendatu dezake hautagai bat. Udalak oroitarazi du “hiriaren jardunean aktiboki eta nabarmen lagundu duten pertsona fisiko edo juridikoei” ematen zaiela ikurra.

Herritar bakoitzak hautagai bana izendatu dezake, Udalaren webgunean edo BAZen arreta orduetan zehar. Ondoren, hilaren 30etik abuztuaren 6ra arte Udaleko Bozeramaileen Batzordeak hautagaitza guztien artean hiru proposatuko ditu. Hiru horietatik Intsignia jasoko duen hautagaia herritarrek erabakiko dute berriz, modu berdinaren bidez, abuztuaren 7tik 21era, eta emaitza abuztuaren 26an jakinaraziko du Udalak.