Hondarribiko jaiek badute afixa, alardea nagusi, zapi koloretsua barne

Aimar Lopez 2025ko uzt. 30a, 12:19

Ana Lupe Iridoy Amunarrizek egin du “Irailak 7 dena prest” izeneko irudia. “Alardearen aurreko eguneko lasaitasun hori” irudikatu du artistak; kolore eta mota orotariko jantziak ageri dira, prest.

Koloretsua eta anitza da aurtengo Hondarribiko jaiak iragarriko dituen afixa. Alardea du gai nagusi eta bakartzat, baina etxearen intimotasunetik: lau jantzi ageri dira, biharamunean janzteko prest. Kolore eta jantzi mota ezberdinek konpainia ezberdinak iradokitzen dituzte, baita Jaizkibel ere, zapi koloretsuaren bidez. Bazter batean, zuri-beltzean, noizbait kantinera izandako senide baten potreta ageri da.

Ana Lupe Iridoy artistak azaldu duenez, “jaiak alardea baino askoz gehiago” dira beretzat, baina hala ere, egun horren bezperan jarri ditu begiak, “etxean dena prest eta goxo” dagoen momentu hori irudikatu nahian.

Afixa hautatu duen epaimahaia artistaz osatua zen, Julia Lasa, Idoia Seijo, Jonan Basterretxea, Tzane Carrillo eta Koro Bidaurretak hautatu dute “Irailak 7 dena prest” lana. Bigarren postuan, Jose Angel Ligeroren “Alpargatak” afixa izan da, eta hirugarren berriz, Jaume Gubianasen “Erresistentzia, Garaipena eta Eskertza” izendaturikoa.

Ana Lupe Iridoy afixaren egilea eta Ortzi Alonso kultura hautetsia, gaur, Arma Plazan, afixa aurkezten.