Arrauna izan zen protagonista pasa den asteburuan Hondarribian. Abuztuaren 2an, XVII Txingudiko Bandera eta Hondarribiako XXXVII ospatu baitziren bertan, baita XIX Hondarribiako Arrantzaleen Kofradiako Bandera ere, kasu honetan igandean (abuztuaren 3an). Euskotren Ligan, Donostia Arraun Lagunak izan zen irabazlea, Tolosaldea eta Astillero traineruen aitzinetik. Hondarribiarrek zazpigarren postua eskuratu zuten, helburuak ere betez. Euskolabel Ligan berriz, Orion irabazi zuen bandera, Urdaibai eta Donostiarra gaindituz eta etxekoak seigarren sailkatu ziren. KAE1 Ligan, azkenik, Itxasoko Amak eskuratu zuen garaipena, Arkote eta Zarautzen aitzinetik. Hondarribiako gizonezkoen bigarren taldeak ere seigarren postuan bukatzea lortu zuen.
Euskotren Ligako traineruek eman zioten hasiera Hondarribiko estropadei. Etxekoak lehen txandan lehiatu ziren eta 11:36,70eko denbora eginda, laugarren postua eskuratu zuen. Bigarren txandan berriz, Donostia Arraun Lagunak traineru indartsua ureratu zen eta 11:02,76ko denboran osatuta estropada, garaipena berea izan zen. Bigarren Tolosaldea sailkatu zen, hirugarren Astillero. Hondarribiako bandera irabaztea guti balitz, donostiarrek garaipena errepikatu zuten atzo Lekeition, asteburua behar bezala borobilduta. Kasu honetan, Orio izan zen bigarren eta Tolosaldea hirugarren. Hondarribiak berriz, seigarren postua eskuratu zuten, helburu guztiak ere lortuz. Sailkapen nagusiari begira, Arraun Lagunak taldeak lidergotza mantendu du, 73 punturekin. Bikingoak berriz, zazpigarren postuan daude, 28 punturekin. Patroi onenaren sailkapenean berriz, Hondarribiko traineruko Miren Garmendia da nagusi.
Euskolabel Ligako estropadak eman zion segidan arratsaldeari eta gizonak ureratu ziren orduan. Ohorezko txandan aritu zen etxeko trainerua eta 20:56,24ko denbora eginez, laugarren izan zen. Orio izan zen garailea, 20:19,22ko denborarekin, Urdaibai eta Donostiarraren aitzinetik. Atzo berriz, Lekeition, Zierbenak eraman zuen bandera, Orio eta Donostiarra gainditu ondotik. Hondarribia podiumaren atarian gelditu zen, laugarren postuan, baina Mikel Orbañanos entrenatzaileak aipatu bezala, hauek ere helburu guztiak lortu zituzten asteburuan eta balorazio positiboa egin dute bi estropaden inguruan.
Azkenik, KAE1 Ligan, atzo (abuztuaren 3an) ospatu zuten Hondarribiako estropada. Bertan, Itsasoko Ama nagusitu zen, Arkote eta Zarautzen aitzinetik. etxekoek berriz, seigarren postua eskuratu zuten.
Abuztuaren 9an berriz ere lehian izanen dira hiru traineruak. Euskotren eta Euskolabel Ligakoak Galiziara bidaiatu beharko dute, Pobra do Caramiñal eta Boirora, hain zuzen ere, bertako banderak jokoan izanen dituztelarik. KAE1 Ligakoak berriz, Camargon izanen dira larunbatean.
Joana Halsouetek, Donostia Arraun Lagunak taldean arraunean aritzen den urruñarrak, Iker Cortes Hondarribiako emakumeen entrenatzaileak eta Mikel Orbañanos Hondarribiako gizonen entrenatzaileak egin dituzte asteburu honetako estropaden balorazioak.
(Argazkia: Aitor Arrizabalaga/ACT)