Ostegunera arte bozkatu daiteke hiriko urrezko intsignia jasotzeko aukera duten hiru hautagaien artean. Uztailean zehar herritarrek proposamenak egin eta gero, hiru hautatu zituen Udal bozeramaileen batzordeak: Alberto Lasa Ansalas abesbatza ugariren zuzendari izandakoa eta egun Goxoki abesbatzaren zuzendaria, Maria Jesus Berrotaran Etxeberria lehen emakume udaltzaina, Emekiren sortzailea eta iaz lehen emakume mazularia izandakoa, eta Sorotan Bele musika taldea dira proposamenak.
Agorrilaren 21era arte bozka dezake Hondarribian erroldatutako 16 urtetik gorako orok, udal webgunean edo BAZen, eta ondotik, heldu den asteartean, hilaren 26an jakinaraziko du Udalak nor izanen den aurten urrezko intsignia jasoko duena. Ekitaldia, ohiko moduan, irailaren 7an izanen da.