hondarribiko hiri aparkaleku proiektua

Estitxu Urtizberea: «TAO froga pilotuak parte-hartze prozesu sakona eskatuko du, ez da azken soluzioa, baina alternatibak behar ditugu»

Koldo Nausia 2025ko abu. 20a, 11:40

Mugikortasun Mahaiak 2017an adostutako hiri-minibusa abendurako prest egotea espero du udalak. Honek trafikoa ez ezik, aparkaleku arazoa ere arinduko duelakoan dago Mugikortasun ordezkaria. Aparkalekuen azterlanarekin arazoak identifikatu ondoren, konponbideak bilatzeko TAO froga pilotuak egingo dituzte Pasaia kalean, Soroeta-Berrin eta Amute auzoan, «eremu bakoitzaren problematikari erantzuteko neurri ezberdinekin».

Hondarribiko Udala hiri mugikortasunaren inguruan egiten ari den lanketak herritarren artean ikusmina sortu badu, udalgintzan oposizioko taldeen kritika zorrotzak ere ekarri ditu. Estitxu Urtizberea Mugikortasun zinegotziak azaldu digunez, aldiz, espazio publikoa arautzeko beharra dago herrian ikuspegi zabal batetik.

Alde horretatik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin azken hilabeteetan adostutako Ekialdebus zerbitzuen hobekuntzarekin batera, hiri-minibus zerbitzu berria martxan jarriaz, garraio publikoa hobetzeko asmoa du udal gobernuak. Baina denok oinezko zein gidariak garenez, herriko kaleak, trafikoa eta aparkalekuaren egoera hobetzeko lanketa sakona egiten ari dira. Duela urtebete hasi zen udal gobernua hainbat lan ildorekin horretan. Eta lehen urratsa, joan den maiatzaren 29an udalbatzan onartutako Terrazen Udal Ordenantza berriarekin eman zuten. Urriaren 15a arte alegazioak aurkezteko epea irekia dagoela gogoratu du Urtizbereak. 

Hiri-minibusa aurki martxan

Hortaz gain, 2023ko abenduaren 19an ospatu zen Mugikortasun Mahaian lehenetsitako 2024-2026 aldirako beste bi ekintza lantzen ari dira une honetan: hiri-minibusaren zerbitzua eta hiriko aparkaleku arazoari aterabide bat bilatzeko proiektua. Estitxu Urtizbereak azaldu digunez, hiri-minibusa abendurako prest egotea espero du oztopo administratibo guztiak behin gaindituta. 

Hondarribiaren tamainako udalerri batek ez du horrelako zerbitzu bat martxan jartzeko beharrik, baina kontsentsu politiko handia izan du proiektuak hastapenetik. Berez, 2014 urtean mahaigaineratu zuen PSE udal taldeak herri mailako desplazamenduetarako minibus baten beharra. Baina 2017ko abenduan Mugikortasun Mahaia eratu zeneko aurreneko bileran talde politiko guztiek aho batez onartu zuten arte, ez zen planteamendua serioski hartu.

Estitxu Urtizbereak gogoratzen duenez, «garraio publikoa ez da udalaren eskumena, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin akordioa eta lanketa administrazioak luze jo du». Izan ere, Hondarribiko Udalak 2021eko ekainaren 24ko oso bilkuran eman zion espedienteari hasiera. Eta oso motel garatu bada ere, prozesu administratibo luzea izan duela oroitarazi du Urtizbereak. Aldiz, aurreko udal gobernuak abiatutako lanketa azkartu egin dute azken urtebetean. 

Alde horretatik, zerbitzu ahalik eta egokiena eskaintzeko azterketa sakona egin du udalak. Eta hiri-barneko autobus zerbitzuaren ibilbide egokiena erabakitzeko ere, hainbat proba egin dituzte, maiztasuna zehazteko ez ezik, ahalik eta herritar gehiengana iristeko ere. Hondarribiko Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planak (HMJP) aurreikusitako hainbat datuetan oinarritu dira zerbitzua antolatzeko. Akartegi, Portua, Puntala, Alde Zaharra eta Zimizarga auzoetan erroldatutako biztanleriaren %70 baino gehiago bizi dela, baina gainerako auzoetako bizilagunei ere zerbitzu eman beharra zegoela kontuan hartuta, egindako azterlanaren arabera, 150 metroko distantzian (3 minutu oinez) linea berriak aurreikusten duen ibilbidean 6.719 biztanle eragingo ditu, eta lehendik martxan zeuden Ekialdebus lineak gehituta, 10.345 hondarribiarrek izango dute etxe ondoan autobus geltoki bat. Hau da, garraio publikoan herrian mugitu ahal izateko aukera izango du herritarren %62ak.

Horiek hala, Hondarribiko historian aurreneko hiri-barneko autobusa martxan jartzeko kontratua lehiaketara ateratzea erabaki zuen udalbatzak joan den apirilean. du udalak. MUGI sisteman integratuta egongo da zerbitzua, eta 7,1 kilometroko ibilbide zirkularrarekin 18 geltoki izango ditu, goizeko 7:00etatik 21:00ak arte. Udalak bost urtetara esleitu nahi du zerbitzua, eta ia bi milioi euroko aurrekontua bideratuko du. «Garraio publikoa ez da udalaren eskumena, eta ahalegin ekonomiko handia suposatuko du, prozesuan Gipuzkoako Garraio Agintaritzarekin adostu behar izan dugu ere MUGI sisteman sartzeko» dio Urtizbereak. Hala ere, urrats guztiak eginak, urte bukaeran argia ikusi beharko luke mini-bus zerbitzuak. 

Hiriko aparkalekuaren proiektua

Honek herriko trafikoa ez ezik, aparkaleku arazoa arinduko duelakoan dago udal agintaria. Izan ere, «filosofia aldaketa» bat egin nahi du udal gobernuak aparkaleku sistemari dagokionez. Eta oposizioaren kritika zorrotzak ekarri baditu ere, duela urtebete hasitako lanketarekin aurrera jarraituko dutela argitu du Urtizbereak. «Iazko udaran hasi zen enpresa aditu bat konteoak egiten egunez eta gauez, trafiko influentzia handiena duen garaia delako», azaldu digu zinegotziak, «eta dauden plaza baino kotxe gehiago daudela ondorioztatu zen, hau da, kotxe asko gaizki aparkatuak egoten direla». 

Bigarren azterketa bat egin zuten udazken-negu garaian, eta hor ere, eremu gorriak daudela baieztatu ahal izan zuten, Alde Zaharra edo Portua bereziki, baina beste auzo batzuetan ere aparkatzeko presioa handia baita. Egoera zuzentzeko asmoz, enpresa aditu honek esku-hartze plan bat proposatu dio udalari, eta bide horretatik aurrera eraman nahi dute TAO froga pilotua. «Hiria zonifikatu eta eremu bakoitzean neurri ezberdinak proposatu dituzte, arazo bakoitzari erantzun bat emateko», argitu du Urtizbereak. 

Izan ere, bertako egoiliarrentzat soilik izango diren eremuak, bi ordu ala lau orduko TAO sistema izango dutenak, eremu libreak, eta urteko sasoiaren araberako (uda eta negua) erregulazio ezberdinak ere proposatu dituzte. Hori guztia baliabide pertsonalak eta teknikoak eskatuko dituela aitortzen du udal ordezkariak, eta «terrazen ordenantza osatzeko egin zen bezala, parte-hartze prozesu sakona eskatuko digu honek, kotxea ukitzen den bakoitzean polemika pizten delako».

Mementoz, hiru eremu zehaztu dituzte: Pasaia Kalean, Soroeta-Berrin eta Amute auzoan. Oso errealitate ezberdinak dituzten guneak dira. Urtizbereak azaldu duenez, «Pasaia kalean neguan ez dute presio handirik, baina udan hondartzara joaten direnek bertan aparkatzen dute eta ez dago lekurik, Soroeta-berrikoen kasuan bertakoekin soilik presio handia dago, eta Amuten, aldiz, aireportura doan bidaiariak kotxea bertan uzten du denbora luzez eta eragin handia du auzoan».

Hortaz, TAO sistema ezartzerako garaian eremu bakoitzari egokitutako neurriek trafiko eta aparkaleku fluxuan eduki dezaketen eragina aztertu nahi du udalak. «Froga pilotu hauek ez dira soluzio bat, etorkizun batean hartu beharko ditugun erabakiak hartzeko informazioa lortzeko modu bat baizik», argitu du. Izan ere, aparkaleku sisteman aldaketak egiten direnean jendea asaldatzen dela jakitun da Urtizberea, baina argi utzi nahi izan du, hauek guztiak «frogak besterik ez direla izango, eta bizilagunekin hitz egin» eta partekatuko dituztela. 

Zentzu horretan, gauzak frogatzeko beldurra dagoela ulertzen du zinegotziak, baina gauzak hobetzeko aldaketak beharrezkoak dira bere ustetan. «Ez da ezer gertatzen, proposatuko dugu hau eta ikusten badugu okerrera egiten duela aldatuko dugu, baina gaizki bagaude, goazen aparkalekuen arazoari alternatibak bilatzera», dio. 

Mendelun iaz ezarritako TAO sistema berria jartzen du horren adibide. Irungo Udalak San Migel auzoan TAO eremua ezarri zuenetik, hango aparkalekuaren presioa Mendelura pasa zela ohartuta, neurriak hartu nahi izan zituen Hondarribiko Udalak. Eta hasieran auzotar asko asaldatu baziren ere, Urtizberearen arabera «asko gutxitu dira kexuak, eta auzo elkartearekin eta Udaltzaingoarekin hitz eginda, egoerak hobera egin du, oro har asmatu dugula esan dezakegu».