Aldaketa adierazgarririk ez Alardean, baina hilaren 7an Jaizkibelek eta HAOSEk Arma Plaza partekatuko dute

Antxeta Irratia 2025ko abu. 29a, 15:04

Guztion Alardea taldeak Gernikako Arbolan proposatzen zuen "Maitasun gunea" antolatzeko eskaerari uko egin diote azken unean, udalaren espazio banaketak «elkartu baino, banatzen dituelako». Udalak «ezinbestean» onartu ditu dekretu bidez, iaz bezala, Jaizkibel konpainiak eta HAOSEk egindako kale okupaziorako eskaerak. Eta irailaren 8an aldaketa adierazgarririk emango ez den bitartean, irailaren 7ko udal ordezkarien Aurreskuan Arma Plazan egoteko baimena onartu die biei aurreneko aldiz.

Hondarribiko Udalak aurten ere Alardea egiteko bi eskaera jaso ditu, Jaizkibel konpainiarena eta Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkartearen (HAOSE) aldetik, eta biak dekretu bakar baten bidez onartu ditu. Herriko jaiak parte-hartzaileak direla nabarmendu du Igor Enparan alkateak, eta horrenbestez «Alardea ere horren eredu dela» uste du. «Egun horretan milaka hondarribiarrek hartzen dute parte desfilean, eta beste hainbatek txalotzen ditu», azpimarratu du alkateak, eta Guztion Alardea taldeak udan aurkeztutako eskaera azken mementoan atzera egin duenez, iaz bezala, kale okupazioari buruzko bi eskaerei erantzun behar izan die udalak.

Maitasun gunetik, Herritarren elkargunera

Gogoan hartuta iaz Gernikako Arbolan Alardeko konpainiek Jaizkibelekin ez elkartzeko udalak agindutako dekretua ez bete izanak bazterrak urratu zituela (20 minutuko atzerapenez abiatu ziren ez elkar topo egiteko), Guztion Alardeak aurten «herria adiskidetzeko» helburuarekin, Gernikako Arbolan "Maitasunaren gunea" osatzeko eskaera luzatu egin ziola udalari. Azkenik, talde honek sare sozialetan jakinarazi dutenez, «Udalak azkenean gauzaturiko banaketa hasierako planteamendutik oso aldenduta zegoen».

Guztion Alardea taldearen arabera «honek ez zuen espazioaren kudeaketa proportzionala egiten, eta aplikatzen ziren hutsuneekin "elkartasun" espazioak elkartu baino, banatzen gintuela sentitzen genuen». Hortaz, eskaerari uko egin eta hala jakinarazi diote Hondarribiko Udalari. Hala ere, HAOSEri zein Hondarribiko Alardeko soldaduei deialdia luzatu diete, «ohitura bete, Gernikako Arbolara behar den orduan agertu eta gure herrikide, senide eta lagunak diren Jaizkibel konpainiako kideak agurtzeko».

Hain zuzen ere, Hondarribiko Udalak iaz Gernikako Arbolan Jaizkibel eta HAOSE ezberdintzen zituen kokalekua edo segurtasun eremua aurten "Herritarren elkargunea" bilakatzeko helburua du. Baina funtsean, eskaera berririk gabe, aurrerapen adierazgarririk ez da emango iazkoarekin alderatuta irailaren 8an. Dena den «aurten iaz emandako urratsak egonkortzeko helburua» dutela argitu du Igor Enparanek. Beraz, aurtengo irailaren 8an Gernikako Arbolatik irtengo da Jaizkibel konpainia, iaz bezala 8:00etan, eta Alardea 8:55etan abiatuko da, usadioak agintzen duen bezala, 9:00etan Santa Maria atea zeharkatzeko.

Udalak kale erabileraren antolaketa zehazten duen dekretua (konpainien kokapena, ordutegiak, geldiuneak eta segurtasun neurriak) Berdintasun legea eta Auzitegi Gorenaren ebazpena kontuan hartuta erabaki dituela argitu du alkateak. «Gure aldetik adosteko saiakera egin dugu behin eta berriro, baina adostasun ezaren aurrean Alarde Eguna bizikidetzan bizi ahal izateko nolabaiteko antolakuntza jasotzen du dekretuak» aitortu du Enparanek. Antolaketa ez dela erraza izan nabarmendu du, baina jaiak ondo atera daitezen arauak errespetatzea «ezinbestekoa» dela dio. Horregatik, herritarrei eta konpainiei «elkarrenganako errespetua eta zibismoa» eskatu die alkateak, «jai guztiak bakean, seguruak eta bidezkoak ospatzeko». 

Bestalde, irailaren 8an aldaketa adierazgarririk emango ez den bitartean, irailaren 7an udal ordezkariek Aurreskua dantzatzen duten Salbean, Arma Plazan egoteko baimena onartu die udalak hala Jaizkibel konpainiari, nola AHOSEri aurreneko aldiz. Eskaera horrek Hondarribiko marko juridikoa errespetatzen duen heinean, «guztiek dute eremu publikoan egoteko eskubidea» argitu du alkateak. Alde horretatik, HAOSEk zein Jaizkibelek bere espazio propioa izango dute plazan.