Hondarribia Bk mailari eutsi ondoren, Kontxa du Arraun Elkarteak hurrengo erronka

Antxeta Irratia 2025ko ira. 1a, 10:47

Play offaren bigarren jardunaldian Hondarribia Bk mailari eutsi zion Castron Hibaikari 50 segunduko aldea ateriaz, eta hurrengo denboraldian KAE 1 Ligan lehiatzen jarraituko du. Lehen eskifaia, aldiz, Eusko Label Ligan bosgarren postua atxikitzea lortu zuen Galizan, eta ostegunean jokatuko duten Kontxako sailkapen estropadarako prest dagoela uste du Mikel Orbañanos entrenatzaileak.  

Hondarria B ontziak KAE 1 Ligan lehiatzen jarraituko du datorren denboraldian. Play offaren bigarren jardunaldia jokatu dute asteburuan Hibaika, Camargo eta Portugaleterekin lehian, eta Hondarribiko eskifaia izan da azkarrena, 50 segunduko aldearekin. Itsaso nahasian gehiago izan dira Hondarribikoak eta erraz irabazi dute, Castro Urdialeseraino hurbildu diren zaleen babesarekin.  

Bien bitartean, Ama Guadalupekoak asteburu luzea izan du Galizan. Larunbatean, Bueun zazpigarren sailkatu zen, eta atzo Aresen bosgarren, Getariaren aurretik. Hala ere, larunbatean getariarrak hobe aritu ziren, eta Euskolabel Ligan hiru puntura murriztu dute hondarribiarrekin duten aldea. Dena den, bosgarren jarraitzen dute Mikel Orbañanosen mutilek 141 punturekin. Irailaren 20-21eko asteburua besterik ez da falta ligari amaiera emateko, Bermeon eta Portugaleten. 

Bestalde, Joseba Amunarrizek denboraldiko patroirik onenaren saria eskuan du, 155 punturekin, liga erraz irabazi duen Orioko Gorka Aranberriri (129) 26 puntuko aldea ateratzen baitio. 

Pozik azaldu da entrenatzailea asteburuko emaitzekin, itsaso biziari aurre egiteko gai izan direlako. Hala ere, ostegun honetan Kontxako sailkapen estropadari begira dago Hondarribia Arraun Elkartea. Eta Orbañanosek dio azken asteetan erakutsi duten sasoi eta arraunkera mantenduz gero Kontxan arazo handirik gabe egoteko aukerak dituztela. Gogoratu Kontxako sailkapen estropadak irailaren 4an izango direla gizonezkoentzat, arratsaldeko 18:00etan. Eta irailaren 3an, ordu berean, nesken txanda izango da.