Irailaren 14a arte 100 jarduera inguru Hondarribiko jaietaz gozatzeko

Antxeta Irratia 2025ko ira. 1a, 13:37

Gazte Kanttua eta Baserritar Eguna indartu nahi izan du Hondarribiko Udalak aurtengoan. Irailaren 7ko txupina udaletxetik egingo dute berriz, Paradoretik beharrean, jaien irekiera ofiziala herritarrekin batera ospatzeko, eta azken urteetan ondo errotu den Haurren txupin ez ofiziala ere ospatuko dute. Gainera, aurten kontzertuak hilaren 5ean hasiko dira. 

«Elkarbizitzan, errespetuan eta berdintasunean» oinarritutako jaiak gozatu ahal izateko egitaraua prestatu aurten Hondarribiko Udalak. Herriko 34 elkarte eta eragileren laguntzarekin antolatu dutela nabarmendu du Ortzi Alonso Kultura eta Herri Nortasunerako zinegotziak, eta argitu duenez, «elkartegintza, udala eta herritarren arteko lotura eta lankidetza horrek ematen du jaiak antolatzeko aukera». Alde horretatik, dozena bat erakunderen eta elkarteen koordinazio lana egin dute jaien aurretik, programa bideratzeko. 

Jaien egitarauari dagokionez, guztira 100 ekitalditik gora antolatu dituzte, egun ofizialen aurretik, abuztuaren 30-31ko asteburutik hasita, eta irailaren 13-14koan borobilduz. Baina ofizialki irailaren 5etik 11ra ospatuko diren egunetan 70 bat ekintza izango dira. Horretarako, 450.000 euroko aurrekontua bideratu du udalak.

Ortzi Alonsok azpimarratu duenez, iaz martxan jarritako familia kontzertuari jarraipena emango zaio aurten, eta garai batean egiten zen bizikleta proba berreskuratu dute. Era berean, Gazte Kanttua eta Baserritar Eguna indartu nahi izan du Hondarribiko Udalak aurtengoan. Irailaren 7ko txupina udaletxetik egingo dute berriz, Paradoretik beharrean, jaien irekiera ofiziala herritarrekin batera ospatzeko, eta azken urteetan ondo errotu den Haurren txupin ez ofiziala ere ospatuko dute. Gainera, aurten kontzertuak hilaren 5ean hasiko dira. Ikus kontzertuen egitaraua.