Jaizkibelek «ausardia falta» eta HAOSEk «inposaketa» leporatu diote alkateari

Antxeta Irratia 2025ko ira. 3a, 09:59

Jaizkibel konpainia «etsipena» adierazi du udal agintariek hartutako erabakiekin, eta «ausardia» eskatu dio Igor Enparan alkateari. HAOSEk, aldiz, gogor jo du alkatearen kontra «emandako hitza jan» eta «bere kredoa inposatu» nahi dielakoan. Gregorio Alkain burgomaisuak iragarri du, irailaren 8an ez dutela espazio eta denbora bera partekatzeko asmorik, eta irailaren 7an Arma Plazako Aurreskuan ez direla konpainia parekidearekin batera sartuko.

Irailaren 8ko Hondarribiko Alardea eta harekin lotutako gainerako ekitaldiak direla eta, Hondarribiko Udalak bide publikoa okupatzeko egindako eskaerei buruz Igor Enparan alkateak sinatutako ebazpenak bazterrak urratu ditu. Ez du inor asetu, eta alde batera zein bestera, kritika zorrotzak eragin ditu azken orduetan. 

Jaizkibel konpainiak esan du urrats gehiago espero zituela aurten, eta «etsipena» adierazi du udal agintariek hartutako erabakiekin. Igor Enparan alkateak joan den ostiralean bertan aitortu zuen aldaketa adierazgarririk emateko baldintzak ez direla eman aurtengoan, aurreko bi urteetan "Keinuen urtea" eta "Administrazioaren urtea" izendatutakoen ondotik. Konpainia parekideak dio «iazko ebazpenetik hona ez dela inolako berrikuntzarik izan», ez bada konpainia parekideak irailaren 7an lehen aldiz Salbean eta udal korporazioak Arma Plazan herritarrei eskaintzen dien Aurreskuan parte hartzeko erakutsi duen borondatea. 

Udalak aurten kaleratutako «ebazpenak ez du berdintasunaren bidean urratsik ematen» Jaizkibelen arabera. Konpainia parekideak dio, jabetzen dela «udalak herentzia txarra jaso duela aurreko udal gobernuaren eskutik, eta hortik abiatuta bideak zabaltzea ez dela erraza». Hala ere, «ausardia» eskatu dio Igor Enparan alkateari, eta oroitarazi dio udalak elkarrizketa eta bizikidetzaren bandera hartu duen bitartean, arazoa funtsean, diskriminazio kontua dela. Era berean, elkarrizketaren bidean sakontzeko borondatea atxikitzen du Jaizkibelek, baina Hondarribiko Udalak bi aldeak modu berean tratatu nahi dituen bitartean, konpainia parekideak argi du, «ezin direla berdin hartu eskubide bat defendatzen dutenak, eta eskubide horiek ukatzen dutenak». 

Alkateari HAOSEren kritika zorrotzak

Anartean, HAOSEren izenean Hondarribiko Alardeko burgomaisuak, Gregorio Alkainek ere bere balorazioa plazaratu du azken orduetan. Eta kritika zorrotza egin dio alkateari. Igor Enparanekin udan (abuztuaren 14an) izandako bileran, honek emandako hitza jan duela leporatu diote. Eta burgomaisuak oroitarazi dio ezin dituela behartu «espazio eta denbora berbera partekatzera». Alde horretatik, «Alardea bizitzeko bi modu antagonikoak» daudela dio, eta alkateak duen «fede edo kredoa inposatu nahi» diela salatu du.

Hartara, HAOSEk ebazpenaren aurrean zenbait erabaki iragarri ditu. Batetik, irailaren 7ko Salbea eta Arma Plazako udal ordezkarien Aurreskuan egoteko baimena eskatu eta udalak onartu bazuen ere, Jaizkibel konpainia hor egongo dela aintzat hartuta, ez direla hor izango aurreratu du burgomaisuak. Eta Hondarribiko Udalaren ekimena behin bukatutakoan sartuko direla plazara. Bestalde, hilaren 8an, iaz bezala, konpainia parekidearekin Gernikako Arbola ez partekatzeko erabaki dutela argitu du. Hala ere, hartuko duten neurria aztertzen ari direla iragarri du Gregorio Alkainek.