Alkateak hartutako erabakiekin "tentsio soziala irailaren 7ra ere areagotu" izana leporatu dio EAJk

Koldo Nausia 2025ko ira. 3a, 16:03

Jaizkibel konpainia Salbean eta Arma plazako Aurreskuan egoteko baimena onartuta, irailaren 8ko gatazka hilaren 7ra ere hedatu delakoan daude jeltzaleak. HAOSEk aurreratu duenez, baimena eskatu bazuen ere, ez du konpainia parekidearekin plaza partekatuko. 

Alarde Egunerako Igor Enparan alkateak sinatutako dekretuaren kontra posizionatu da Hondarribiko EAJ. Eta "irailaren 8ko tentsioa irailaren 7ra ere zabaldu" izana leporatu dio udal gobernuari. Iaz emandako urratsak mantentzeko erabakia hartu du alkateak aurtengo jaietarako, konpainien ordutegi eta ibilbideari dagokienez. Eta jeltzaleen arabera hartutako erabakiak ez dute inor asebetetzen.

Hala ere, irailaren 8ko espazioen banaketa baimenetatik haratago, kezka nagusia irailaren 7an dutela adierazi du Hondarribiko EAJk. Jaizkibel konpainiari Salbeak iraun bitartean Arma Plazan egoteko baimena eman baitio alkateak. Aurten hala konpainia parekideak, nola HAOSEk ere plazan egoteko baimena eskatu baitute. Nahiz eta Hondarribiko Alardeko burgomaisuak zenbait komunikabidetan iragarri duenez, Salbearen ondoko udal ordezkarien Aurreskuan ez dira plazan egongo, Jaizkibel konpainia egongo den bitartean. Jeltzaleek diote, erabaki horrek “konponbideak ekarri beharrean gatazka areagotzen duten urratsak” direla. Era berean, udal gobernuari “tentsio soziala areagotzea” leporatu diote, eta “inposizio gutxiago eta akordio gehiago” bilatu dezala eskatu diote.