EH Bilduk alkatearen erabakia deitoratu du, baina Alardearen gatazka "behin betiko" konpontzeko aukera ikusten du legealdi honetan

Antxeta Irratia 2025ko ira. 4a, 19:31

Hondarribiko EH Bilduk kritika zorrotza egin dio udal gobernukide duen Igor Enparan alkateari, Alarde egunerako sinatutako dekretuak ez duelako gatazkan aurrerapenik suposatzen. "Eskubideetaz ari garenean, aurrerapauso eza atzera egitea da" haien ustez. Irailaren 9tik aurrera Alardearen auzia "behin betirako konpontzeko" proposamen berri bat lantzeko prest daudela iragarri dute.

Hondarribiko udal gobernukide izanagatik ere, EH Bildu udal taldeak ez du Igor Enparan alkateak Alardea eta bere inguruko ekitaldietarako sinatutako dekretuarekin bat egin. 2023an eta 2024an ez bezala, alkateak aitortu du aurten ez direla baldintzak eman “aldaketa adierazgarririk” egiteko. Koalizio subiranistak, aldiz, eskubideetaz ari garenean "aurrerapauso ezak atzera egitea suposatzen" duela salatu du. Eta alkateak sinatutako dekretuarekin desadostasuna adierazi du.

Oroitarazi beharra dago, alde horretatik, Gernikako Arbolan Alarde egunaren abiatzean udalak aurten ezarritako espazioen banaketan, ez dagoela aurrekoarekin alde handirik, dekretuen xehetasunak aztertuz gero. Erreginaren Baluartetik hasita, Jaizkibel konpainiari 400 metro koadro egokitu dizkiote, eta tartean Segurtasun Eremu gisa erreserbatutako 27 metro luzeko tartearen ondoren, HAOSEk Alardeko gainerako konpainiak kokatzeko 3.500 metro koadro izango ditu Gernikako Arbolaraino. 

Nolanahi ere, EH Bilduk aurtengo dekretuak aurrerapen txiki bat baduela aitortu du irailaren 7ari lotuta. Jaizkibel konpainiak Salbearen ondoko udal korporazioaren Aurreskuan Arma Plazan egoteko baimena jaso baitu. "Pauso horretan bizikidetzaren eta segurtasunaren izenean Jaizkibel konpainia eta eskubideak ukatzen dituen HAOSE maila berean" jarri izana salatu du EH Bilduk. 

Konponbiderako proposamena

Dena dela, 2023tik hona Hondarribiko Udalak egindako urratsei jarraipena eman, eta "gatazkaren konponbidean benetazkoak" izan daitezen eskatu du koalizio subiranistak.

Legealdi honetan konponbidea bideratu ahal izateko behar diren oinarriak lantzeko aukera badagoela uste dute, eta "Alardearen auzia behin betiko gainditzeko proposamen erreal berri bat" ezarri dute mahai gainean. Proposamen horri irailaren 9tik aurrera heltzea espero dute. Eta "desira edukitzeaz gain, hori bideratzeko proiektua ere" badutela argitu dute.