HAOSEren errekurtsoa atzera bota du epaileak Alarde egunerako, Hondarribiko Udalaren dekretua berretsiz

Koldo Nausia 2025ko ira. 5a, 11:51

Igor Enparan alkateak irailaren 1ean sinatutako dekretuak indarrean jarraituko du irailaren 8an. Epaileak atzera bota du Alardea arautzeko udal-dekretua kautelarki indargabetzeko HAOSEk aurkeztutako errekurtsoa. Alkateak baikorki baloratu du erabakia, eta HAOSEko buruzagiei «ebazpena bete eta udalaren zilegitasunaren gainetik ez dezatela jardun» eskatu die, baita arduraz joka dezatela ere, «herritarren arteko tentsiorik sor ez dadin eta duela urte askotako garai ilunetara ez itzultzeko».

Donostiako Administrazio Auzien 3. Epaitegiak atzera bota du Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkarteak (HAOSE) joan den astelehenean aurkeztutako helegitea. Alkateak irailaren 1ean sinatutako Alardea erregulatzeko dekretuaren neurriak modu kautelarrean eraginik gabe uzteko helburua zuen errekurtsoak. Alabaina, hasierako ordutegiak jarraitzen dute indarrean. Irailaren 8an HAOSEk eskatu du 7:00tatik aurrera Gernikako Arbolan elkartzea, eta Jaizkibel konpainia 7:45ean elkartuko da formatuko du konpaina udalak horretarako zehaztu duen 400 metro koadro inguruko eremu ezberdindu batean, 8:00etan abiatzeko. 27 metro luzeko Segurtasun eremu batek bananduko ditu, eta HAOSEk 3.500 metro koadroko eremua okupatzeko baimena izango du, 8:55ean desfilatzen hasteko. 
 
Izan ere, epaileak ebatzi du udal-dekretua bere horretan mantendu behar dela. Eta beraz, «onartzea eta betetzea besterik ez dago» azpimarratu du Igor Enparan alkateak gaur egindako azken orduko agerraldian. Abotsanitzeko udal gobernukide guztiez inguratuta, alkateak HAOSEko buruzagiei eskatu die «udalari dagokion lanaren gainetik ez daitezela jarri, udalaren eta alkatearen zilegitasuna errespetatzeko borondatea erakus dezatela, eta Gernikako Arbolan dagokien ordutegia eta espazioa bete dezatela».
 
Alkateak baikorki baloratu du epailearen erabakia, eta «pozik» azaldu da HAOSEk epaitegira jo izanarekin, «horrek erakusten duelako legeak eta arauak onartzeko eta errespetatzeko borondatea dagoela». Iaz Gernikako Arbolan gertatutakoa kontuan hartuta, HAOSEk dekretua beteko ote duen galdetuta, alkateak uste du «inork ez duela legezkotasunetik kanpo jardun nahi». Alde horretatik, HAOSEk hartuko duen erabakiaren esperoan, herritarren esku utzi du hein batean ardura. «Herritarrak arduratsuak direla uste dut, eta norbere ahalegina egin dezala eskatzen dugu jaiak errespetuz eta elkarbizitzan ospatzeko», dei egin die hondarribiarrei. Halere, HAOSEko arduradunei «herritarren arteko tentsiorik sor ez dadin, eta duela urte askotako garai ilunetara ez itzultzeko» arduraz, tolerantziaz eta errespetuz jokatzeko eskatu die. 
 
Bestalde, Imanol Pradales lehendakariari, Gipuzkoako diputatu nagusia Eider Mendozari eta alderdi politiko guztiei eskatu die inplikatu daitezela benetako konponbidean. Izan ere, «herri honetan arazoak ditugu oinarrizko eskubide guztiak errespetatzeko».