Hondarribiko jaiak ate joka ditugun honetan, eta kaleetan milaka lagun bilduko direla kontuan hartuta, Txingudiko Zerbitzuak eta Hondarribiko Udalak lankidetzan kaleak garbi mantentzeko dispositiboa aktibatu dute. Berez, abuztuaren 31n jarri zuten martxan, eta hilaren 11ra arte, 120 lanaldi gehigarri antolatu dituzte, 22.104 euroko aurrekontua bideratuz. Leire Zubitur, Txinzerreko kudeatzaleak aditzera eman duenez, horrek ohiko gastua baino %80 gehiago suposatzen du.
Aurreko urteetan bezala, 15.600 edalontzi berrerabilgarri banatuko dizkiete Bentako sei txosnei, bezeroek euro baten truke erabil ditzaten. Plastiko asko sahiesten da ekimen honi esker, eta kontzertu eremua Bidasoa ibai-bazterrean dagoela kontuan hartuta, hondakin kopurua apaltzeaz gain, itsas-hondakin bilakatzea ere ekiditen duen neurria da honakoa.
Era berean, jende gehien biltzen den eremuetan, aurten 17 birziklatze-gune jarri dituzte, iaz baino bi gehiago. 4 Butroi pasealekuan, 4 San Pedro kalean, 2 Arma Plazan, 2 Zezen plazan eta Jostaldin, eta bat Kasino Zaharrean. Izan ere, aurten Gazte Kanttua indartu egin du udalak bertan. Horrez gain, 120 litroko edukiontziak izango dituzte txosnek, ontzi arin eta beira birziklatzeko. Eta txosnen kanpoaldean, igluak eta edukiera handiko ontziak ere ezarriko dituzte, txosna guztiek partekatu ahal izateko.