Aireportua eta Donostia arteko udako E30 linea geratzeko iritsi da

Antxeta Irratia 2025ko ira. 10a, 12:23

Hondarribiko aireportua eta Donostiako erdigunea udan zuzenean lotzen dituen E30 linea %73 hazi da aurten, 10.000 bidaiaren muga gaindituz. E21 (Hondarribia-Donostia) linea ez oztopatzeko, Hondarribiko Udalaren eskaera beharrezkoa zela egiaztatu dute zerbitzua martxan jarri eta bigarren urtean.

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Azahara Dominguezek jakinarazi du ekainaren 20tik irailaren 7ra arte 10.315 bidaiari erregistratu dituela Lurraldebuseko E30 lineak. Iaz martxan jarritako urtean 5.939 jaso ondoren, %73,67eko hobekuntza suposatzen du horrek. Foru diputatuak azaldu duenez, bidaien %58 (5.980 guztira) Donostiarako noranzkoan egin dira, eta gainerako 4.335 bidaiak Gipuzkoako hiriburutik irten dira aireportura bidean. «Albiste bikaina da uda honetan bigarren aldiz funtzionatu duen linea honek hazten jarraitzea, martxan jartzea oso beharrezkoa zela erakusten baitu», nabarmendu du. 

Alde horretatik, Hondarribiko Udalak 2023an egindako eskaera bati erantzunez jarri zuten martxan zerbitzua joan den urtean. Izan ere, E21 (Hondarribia-Donostia) linea herritarrek bere egunerokoan erabiltzen duten bitartean, aireportuko bidaiariek gainezkatzen zuten zerbitzua. Eta E30 lineak aireportuari zerbitzu zuzena eskainiaz, «bidaiariei zein aireportua erabiltzen ez duten herritarrei ere hobekuntza ekarri die». 

Horrela, uztailaren 21ean, aireportuaren aurrean dagoen E21eko (Hondarribia-Donostia) geralekua bertan behera utzi zuten, eta aireportuko bidaiarien joan-etorriak E30 linearekin bermatu dute udan zehar, oso datu baikorrekin. Gainera, uda honetatik aurrera, MUGI txartel anonimoak eros daitezke aireportuaren barruan dagoen dendan bertan. Eta horrek aireportuaren lotura garraio publikoaren bidez nabarmen hobetu duelakoan dago Dominguez. «Gogorarazi behar da linea horrek ez diela soilik turistei zerbitzua eskaintzen, Hondarribiko aireportua bidaiatzeko erabiltzen duen ehunka gipuzkoarrei ere erraztasunak ematen baitie», gaineratu du. 

Era berean, eta zerbitzua hobetze aldera, Lurraldebusek Oarsoaldean eta Bidasoan martxan jarriko duen emakida berrian, zerbitzu hori maletentzako lekua duten autobusekin antolatzea aurreikusten dela jakinarazi du diputatuak, erabiltzaileen erosotasuna hobetuz.