Jaietan hondakinen bereizketa hobetu beharra dute hondarribiarrek

Koldo Nausia 2025ko ira. 18a, 15:00

Abuztuaren 31tik irailaren 12ra Txinzerreko zerbitzuen dispositibo bereziak 210 tona hondakin bildu ditu Hondarribiko jaietan, gehienak beira, ontziak eta kartoiak.

Hondarribiko jaiak amaitu berritan, Txingudiko Zerbitzuak-ek abuztuaren 31tik irailaren 12ra bitartean martxan jarritako hiri-garbiketako eta hondakin bilketako dispositibo bereziaren balorazio baikorra egin dute, baina "ekitaldiak egiten diren gune guztietan hondakinak behar bezala bereizteko modua hobetzen jarraitzeko beharra" azpimarratu dute. Aurten gaikako bilketa egiteko 17 kontainer irla jarri dituzte, iaz baino bi gehiago. Eta bistan denez, zenbait puntutan hondakinak behar bezala bereiztea hobetzeko erronka izaten jarraitzen du etorkizuneko edizioetarako.

Leire Zubitur, Txinzerreko kudeatzaileak gogoratu du, jaietan 120 lanaldi gehigarri mobilizatu dituztela aurten, langile eta baliabide ahalegin bat eginez. Eta garbiketa lanak goizeko lehen orduetan hasi dira egunero, bereziki jende kopuru gehien bildu den uneetan.

Guztira, 210 tona baino gehiago hondakin bildu dituzte jai eremu desberdinetan banatuta. Eta beira, ontzien eta kartoiaren bilketa nabarmendu dute.

Bestalde, erabilera bakarreko hondakinak murrizte aldera, aurten Bentako txosnagunean banatu dituzten 20.100 edalontzi berrerabilgarriak neurri eraginkorra izan dela azpimarratu du Zubiturrek.