Gipuzkoako Gurutze Gorriak plazaratu berri duen udako sorospen lantaldeen balorazioan «zifra historikoak» aditzera eman ditu. Getarian eta Hondarribiko hondartzetan martxan duen 'Hondartzak Denontzat' egokitutako bainuen (garai bateko 'Oztoporik Gabeko Bainua') laguntza zerbitzuan, 1.418 bainu egin ditu Gurutze Gorriak, horietatik 771 Hondarribikoan izan dira. Iazko datuak bikoiztu egin dituztela nabarmendu dute.
Hondartza denboraldi osoan eman dute zerbitzua, ekainaren 14tik irailaren 14ra, 11:00etatik 19:00etara. Horretarako bi sorosle mobilizatu dituzte, eta Gipuzkoako ASPACE edo ATZEGI bezalako egoitzetatik eta etxebizitza tutelatuetatik datozen pertsona guztiek izan dute bainua hartzeko aukera, baita adinekoen egoitza eta eguneko zentroetako erabiltzaileak direnek ere. Gainera, hondartzara joateko eta zentrora itzultzeko garraio egokituaren zerbitzuaren bidez mugitzeko aukera ematen zaie. Guztira, 914 pertsona ezberdinek izan dute lagundutako bainuaz gozatzeko aukera, eta horietatik 484 emakumeak eta 430 gizonak izan dira.
Lagundutako bainua egiteko, aulki anfibioak, makuluak (taka-takak) eta salbamendu-txalekoak erabiltzen dituzte, eta desgaitasuna duten erabiltzaileak Gurutze Gorriko sorosleek lagunduta daude une oro.
Bestalde, Hondarribiko hondartzaren kasuan, Gurutze Gorriaren sorospen-zerbitzuak 7 pertsona izan ditu lanean uda osoan. Hondartza denboraldiko sorospen zerbitzuek 172 laguntza eta 7 ebakuazio egin dituzten bitartean, aurten ez dute larrialdiko erreskaterik egin behar izan. Asistentzia gehienak ebakiak eta zauriak izan dira, alergiak eta marmoken ziztadekin batera.