Igandean bizikleta erdigunean jarriko dute Mendelun, autoak agindu ohi duen lekuan

Antxeta Irratia 2025ko ira. 24a, 09:53

Mugikortasunaren Astea borobiltzeko irailaren 21ean Hondarribian aurreikusia zuten 'Bizikleta Martxa' eta 'Festa kalean!' igande honetan ospatuko dute. Joan den asteburuan eguraldi txarra zela eta, atzeratzea erabaki zuten. Aldiz, iaz bezala, bizikletaren aldeko aldarrikapenek eta familientzako auzo-festak hartuko dute Mendelu kalea. Gipuzkoako Foru Aldundiak trafikoa ixteko baimena eman dio Hondarribiko Udalari. 

Europako Mugikortasun Astearen baitan ekimen «iraultzaileagoak» bilatu nahi izan zituen iaz Hondarribiko Udalak. Eta proposamenen artean, Mendelu kalea ixteko Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena lortu zuten, bertan familientzako auzo-festa antolatzeko. Aurtengoan ere, 'Festa kalean!' ekimena errepikatu dute, eta Hondarribiko Udalak aldundiaren baimena lortu du errepide ixteko. Estitxu Urtizberea Mugikortasun zinegotziak aditzera eman duenez, bizikletaren aldeko ekimena izateaz gain, «errepide hori udalaren eskumenekoa izan behar duela aldarrikatzeko» ere balio du. 

Zentzu horretan, aldundiaren baimena ez da oztopo izan aurtengoan. Baina joan den astean Mugikortasun Jasangarriaren Astearekin bat eginez antolatutako programa borobildu behar zuen ekimena atzeratzea erabaki zuen udalak. Eguraldi txarra zela eta, irailaren 28ra aldatu zuten hitzordua. Eta beraz, deialdia gogoratu dute.

Alde horretatik, Balazta elkarteak aurretik antolatu duen Bizikleta Martxa, igandean Gernikako Arbolatik abiatuko da 11:00etan (10:45ean eman dute hitzordua), eta Mendelu kalean prestatu duten jaiarekin amaituko da. Kote Gebara, bizikletaren aldeko elkarteko kideak argitu du, aldarrikapen jaia dela, familiei zuzendutakoa. Hortaz, «familia giro alaitsua espero dugu, eta balio dezala bizikletaren erabilera sustatzen jarraitzeko». Iragarri dutenez, puzgarriak, aurpegi-margoketak, bizikleta zirkuitua eta tailer ezberdinak antolatuko dituzte Alkain parean, eta paella herrikoi bat ere izango da bertan bazkaltzeko.