Hackmeeting 2025: Teknologia eta mugimendu sozialak Zaragozan elkartuko dira

Aitor Errazkin 2025ko ira. 25a, 17:21

Saio honetan beteranoa den ekitaldi bati buruz hitz egingo dugu: hackmeeting-a. Hackmeeting-a teknologia berrien erabilera kritikoa eta mugimendu sozialak uztartzen dituen topaketa da. Aurten Zaragozan izango da, irailaren 25etik 28ra, eta denok zaudete gonbidatuta! 1998an Italian sortua, 2000an iritsi zen Estatu espainolera lehen aldiz, Bartzelonan, eta ordutik urtero ospatzen da toki ezberdinetan.

Zer da hackmeeting bat?

Askok galdetzen dute ea hackmeeting bat informatikarientzat soilik den ala edonor hurbil daitekeen. Erantzuna argia da: denok gara ongietorriak. Hackmeeting-ak bizpahiru egun irauten ditu eta formatu askotariko ekimenak eskaintzen ditu: hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak eta solasaldiak. Bertan, software librea, pribatutasuna eta enkriptazioa, ekofeminismoa, DIY kulturaren proiektuak, eduki libreko lizentziak edo komunikazio molde berriak jorratu izan dira. Gaiak, ordea, urteak pasa ahala eguneratzen joan dira: adimen artifiziala, datu-zentroen inguruko eztabaidak, eta bestelako erronka teknologikoak ere lantzen dira.

Parte-hartzaileen kopuruak ere aldakorrak izan dira: urte batzuetan 200 lagun elkartu dira, gaur egun 100 inguru. Nolanahi ere, giroa familiarra eta hurbila izaten da beti.

Jatorria eta filosofia

Hackmeeting-ak 90eko hamarkadako mugimendu sozialen baitan jaio ziren. Garai hartan internet gutxik erabiltzen zuen, mugikorrek ez zuten gaur egungo presentziarik eta ordenagailuak astunak eta mugatuak ziren. Windows eta Apple multinazionalek nagusitasun osoa zuten, eta alternatiba libreek —GNU/Linux sistema eragilea kasu— apenas zuten lekurik. Horregatik, hackmeeting-en ardatz nagusia izan zen alternatibak pentsatu eta martxan jartzea, mugimendu sozialetarako eta herritarren eguneroko beharretarako.

Horrez gain, urte osoan sarean elkarrekin aritzen diren lagunak fisikoki elkartzeko aukera ere bada, eta horrek komunitatea indartu eta harreman pertsonal sendoak sortu ditu.

Hackmeeting-ak horizontaltasunaren printzipioan oinarritzen dira: ez dago antolatzaile eta ikusle bereizketarik, denok gara partaideak. Horregatik beti gaztetxe edo okupatutako guneetan egiten dira, filosofia horrekin bat egiten duelako. Gainera, ekitaldiak beti uzten du bere aztarna positiboa: tokiko azpiegiturak hobetzea, sarbide digitalak irekitzea edo espazioak konpontzea.

Aurtengo edizioa: Zaragozako Kike Mur

Aurten, irailaren 26tik 28ra, Kike Mur okupatutako zentroan ospatuko da hackmeeting-a. Espazio honek historia berezia du: 15 urte lehenago hackmeeting bat bertan egiteko asmoa zegoenean, aurreko okupazioa desalojatu zuten, eta ondoren Torreroko kartzela zaharra berreskuratuta sortu zen Kike Mur.

Aurtengo leloa “Aragoff” da, eta Aragoiko datu-zentro erraldoien proiektuen aurkako mezua du ardatz.

Ekintzen artean aurkituko ditugu:

Radio Texas: irrati libre bat nola muntatu.

Jardines vallados fanzinearen aurkezpena.

Algoritmoak guztion kontra hitzaldia.

Reversing teknikak C-rekin.

Identitate digitalak: izatetik ongizatera.

Webguneak Hugorekin.

Install party eta Crypto party.

Gainera, ostiral gauean manifestazioa egingo da datu-zentroen aurka. Larunbat gauean, berriz, NegroMate kontzertua izango da: karaoke alternatibo bat, betiko abestiei teknologiaz eta kritikaz bustitako letra berriak txertatzen dizkiena.