Ernesto Villar: «Fenomenaren bilakaera progresiboa izan da, baina jendeak jaialdiaren filosofia zein den ulertu du»

Koldo Nausia 2025ko urr. 1a, 11:25

Ellioth Smith omenduz ospatuko dute urriaren 11n Fenomena Jaialdiaren 10. urteurrena. Dani Llamas, Miren Tulsa, Galder Izagirre, Joseba Irazoki, Ferran Resines, Leire Melenas, Flecha eta Maria Rodés batu dira jaialdiarentzat mugarri izango den omenaldira. Hondarribiko hondartzako aparkalekuan Pinpilinpussies, Suediako Ebbot Lundberg and The Solar Circus, The Guru Guru belgikarrak, eta Black Rainbows stoner-hard estiloko talde italiarrak borobilduko dute kartela.

Urriaren 11n Fenomena jaialdiak bere 10. edizioa ospatuko du Hondarribiko hondartzako aparkalekuan. Fenomena kultur elkarteak antolatuta, mailako kontzertuak dohainik izango dira, urtero bezala. Eta tabernan salduko dituzten 2 euroko edalontzi solidarioekin bildutako dirua, Etxara elkartea laguntzeko bideratuko dute, palestinar herriarekin elkartasunean. 

Aire zabaleko Fenomena Festibalak denetarik ikusi du bere sortzaileek kalitatezko musika zuzenean eskaintzeko ekimena sortu zutenetik. Jaialdi eklektikoa izan da beti bere karteletan, urtero musika estilo eta jatorri ezberdinak proposatuz. Eta pandemia tartean harrapatu zutela, Jostaldin antolatzera behartuak ikusi baziren ere, hasierako edizioetan Alde Zaharrean antolatzeko «ideia erromantikoa» alde batera utzi behar izan zutela aitortzen du antolatzaileen artean dagoen Ernesto Villarrek. «Beti eman diogu garrantzi handia soinu kalitateari, eta antolakuntzak eskatzen zuen logistika ikusita, ez zen irisgarria», gogoratzen du. Kirol kaiaren aldameneko Hondartzako aparkalekuan ospatu dute azken urteetan, eta urriaren 11 honetan, 17:00etan hasi eta gauerdira bitartean, hango eta hemengo rock eta musika zaleak erakarriko ditu Hondarribira. 

Horretarako, urtero 50 bat boluntario mobilizatzen dira, eta Hondarribiko Udalaren eta herriko hainbat ostatu babesleei esker «hasierako helburu xumea zenak aurrekontu handia lortu du», dio Villarrek lortu dutenaz harro bezain harrituta, «dena den, zerbait progresiboa izan da, pixkanaka joan gara eta urte batek hurrengoaren zutabeak jarri izan ditu bidean». Hala ere, hamarkada baten ondotik, «jendeak jaialdiaren filosofia» zein den ulertu duela pentsatzen du, eta ondo errotuta dagoela. «Soinu kalitate tekniko ona, eta mainstream ez izanik ere, atzerrian, estatuan eta Euskal Herriko musika eszenan dauden kalitatezko musika taldeak gozatzea», izan da haien helburua hastapenetik. 

Iaz Anari eta Bad Dreams banda australiarra izan zituzten kartelburu, baina hamar urteotan Niño de Elche, Los Estanques, Biznaga, Ruper Ordorika, Miren Tulsa, Vulk, La URSS, Adios Amores edota Tiburona bezalakoak pasa dira jaialditik. «Maila profesionala eta erreferenteak diren taldeekin batera, talentu berriari plaza bat eskaini izan diogu ere», azpimarratzen du Villarrek. 

Aurtengoan, nazioarteko oihartzunak

Aurtengoan, aldiz, 10. urteurrena ospatzeko nazioartera jo dute taldeen bila, baina tokiko artistak ahaztu gabe. Izan ere, urriaren 11n gauerdia arte luzatuko da jaialdia. Baina musika 17:00etan hasiko da, 2003an zendutako Ellioth Smith musikari estatubatuarrari egingo dioten omenaldi batekin. Villarrek azaldu digunez, Dani Llamas eta Miren Tulsarekin hasi ziren ideia sukaldatzen, baina musikari zerrenda luzea batu da omenaldira. Galder Izagirre (DUT, Kuraia, Berri Txarrak), Joseba Irazoki, Ferran Resines, Leire Melenas, Flecha eta Maria Rodés, besteak beste. «Benetan mugarri bat izango dela gure jaialdian, eskertzekoa da artista hauek guztiek hartu duten denbora eta lana Ellioth Smithen errepertorioa uste baino konplexuagoa baita», aitortzen du antolatzaileak.

Ondoren, 18:30ean Euskal Herria eta Herri Katalanetako Pinpilinpussies bikotearen kontzertua izango da. Eta 19:00etatik aurrera, atzerriko talde gonbidatuen kontzertuek osatuko dute gaualdia. «Ez da erraza izan egutegi aldetik, gainera taldea hauetako batzuk Hondarribira kontzertu hau ematera datoz espresuki», dio Fenomena kultur elkarteko kideak. Hartara, Suediako Ebbot Lundberg and The Solar Circus taldea 19:00etan hasiko da. Villarrek argitzen duenez, mundu zabalean ibilitako musikaria da suediarra, eta Album Alternatiborik Onenaren Grammy sarietarako hautatua izan da. Ondoren, The Guru Guru belgikarrak igoko dira eszenatokira (21:15ean). Villarrek dio «urteurreneko sorpresa» direla, eta 23:00etan, Black Sabbathen semeordeak diren Black Rainbows stoner-hard estiloko talde italiarrak itxiko du emanaldia. Ibilbide oparoa daramate 2014an hasi zirenetik, eta diotenez, Soundgarden ukitu bat ere badute.