Kalean abandonatutako 142 bizikleta "hondakin" bihurtu eta birziklatzeko aukera emango du Hondarribiko Udalak

Antxeta Irratia 2025eko urriaren 2a

2023an Hondarribiko kaleetan abandonatutako 25 bizikleta jaso zituen jada Balazta elkarteak 'Birziklatu' ekimenaren baitan udalarekin lortutako akordioari esker. Orain 2023 eta 2024 urteetan kaleetan abandonu zantzuak zituzten bizikletak "hondakin" bihurtzeko prozedura abian jarriko dute, legezko epean gordailuan egon ondoren. Inork erreklamatu ezean, Balazta elkarteak jasoko ditu, bigarren bizitza bat eman, piezetarako edota helburu solidarioetara bideratzeko.

Hondarribiko kaleetan abandonu zantzuak dituen bizikleta bat topatzen denean, Udaltzaingoak informazio moduko pegatina bat jartzen dio bizikletari. Eta 15 egun pasa ondoren bizikleta bere horretan jarraitzen badu, udal gordailura eramaten dute, eta Katalogoan sartzen dute. Beste bi hilabete igaro eta inork erreklamatu ez badu, udalak hondakin bilakatzeko prozedura martxan jartzen zuen orain artean.

Baina 2023ko urriaz geroztik, hondakin bihurtu eta 'Birziklatu' programara bideratzen dituzte, bigarren bizitza bat eman eta bizikleta bat behar duenak aprobetxatu dezan. Balazta elkarteak eta Hondarribiko Udalak 2022an adostutako elkarlanari esker, bizikleta hauek Balaztak duen 'Birziklatu' ekimenera pasatzen dira gaur egun. 2023an jaso zuten aurreneko sorta. 25 bizikleta berreskuratu zituzten horrela.

Orain Hondarribiko Udalak jakinarazi duenez, laster, 2023an eta 2024an gordailuan sartu ziren bizikletak "hondakin" bihurtzeko prozedura jarriko dute martxan. Argitu dutenez, despistaturen batek oraindik Katalogoan dagoen bizikletaren baten jabe dela ohartu bada, eta hura berreskuratu nahi izanez gero, Udaltzaingoan eskaera egiteko aukera du. Horretarako, NANa eta bizikleta berea dela adierazten duen agiriren bat: argazkiak, fakturak... aurkeztu behar ditu. Era berean, bizikleta berreskuratzeko esteka bat sortu du Hondarribiko Udalak. 

Bestela, Balazta elkarteak jasoko dituela iragarri dute. Ekimen honi esker, elkarteak Irungo Larreaundi auzoan duen egoitzan bizikleta hauei bigarren bizitza bat ematen baitiete. 2016 urtean hasi ziren bizikletaren erabilera suspertzen, eta egoitza-tailerraren ateak zabaldu zituztenetik, «lapurtua izan edo herdoilduko delaren beldurrik gabe edonon kandatzeko» bizikleta hauek berreskuratzen dituzte, «hirian mugitzeko txirrindak dira, ez lehiaketan aritzeko puntako materiala».

Balazta elkarteko bazkideek 10 eta 80 euro arteko prezioan eskura ditzakete bizikleta hauek. Baina elkartea Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) eta Caritas edo Gurutze Gorria bezalako eragile sozial askorekin harremanetan dago, eta bizikleta askok helburu solidario batekin eman ohi dituzte dohaintzan. 2024an Behar Bidasoa GKEaren bitartez, Hondarribian jasotako 25 bizikleta horietariko asko Senegalera bidali ahal izan zituzten. Bestalde, Hondarribiko Udaleko Gizarte Zerbitzuekin hitzarmena sinatu zuten elkarlan honen harira, eta egoera zaurgarrian dagoen herriko familiaren batek bizikleta bat behar izango balu ere, horietariko bat segurtatuko liokete.