Hondarribiko "Irakurketa Erraza" tailerraren aurtengo lehen pasarteak urriaren 7an leituko dituzte

Antxeta Irratia 2025eko urriaren 2a

Hondarribiko Udaleko Euskara Sailak, Mintzalaguna egitasmoak eta Udal Liburutegiak elkarlanean bultzatutako tailerrak «euskaraz irakurri nahi, baina zailtasunak dituztenei» zuzenduta dago. Espresuki hautatutako liburuen pasarteak ozen irakurtzen dituzte taldean, aldi berean ulermena, irakurketa eta mintzapraktika landuz. Urriaren 7an, 18:00etan egingo dute lehenbiziko saioa Zuloaga Etxean. 

Euskara Sailak bultzatuta, «euskara ikasten ari direnei edo irakurketan trebatu nahi dutenentzako» saioak antolatu dituzte Hondarribiko Udal Liburutegiarekin lankidetzan. Joan den urtarrilean ekin zioten honi Mintzalaguna dinamika indartzeko, eta hilabetean bitan pasarteak ozen irakurri ahala komentatu egiten dituzte taldean, hitz berriak azalduz, eta irakurketarekin mintzapraktika landuz. Hurrengo saioa urriaren 7an egingo dute. 

Joan den urtarrilaren 14an Fernando Morilloren Santiago Bidearen misterioa liburuarekin ekin zioten Hondarribian, "Irakurketa Erraza" ekimenari. Eta maiatza bitartean, hilabetean bitan elkartu ziren partaideak, besteak beste, Montse Floresen Rif mendietako ura, Nuria Martiren Traizioa lakuan, Ander Izagirreren Txernobil txiki bat etxe bakoitzean eta Anna Tortajadaren Nahid liburuak irakurtzeko. 

Udaleko Euskara Sailetik bultzatuta, eta Hondarribiko Mintzalaguna dinamika indartzeko, euskara maila ezberdinetara egokitutako irakurketa saioak proposatzen dituzte Zuloaga Etxean. Udal Liburutegian bertan eta Udal Euskaltegian identifikatutako bi hutsuneri erantzun nahian abian jarri zuten tailerra, «euskara ikasten ari direnei edo irakurtzeko eroso sentitzen ez diren euskaldunei irakurtzen trebatzeko aukera eman nahian». Hala, hilabetero eta etxeko lanik egin gabe, bereziki hautatutako liburuak taldean ozen leitzeko aukera ematen diete.

Liburu bereziak dira, nolanahi ere, euskara mailari egokitutakoak. Mertxe Gerriko Hondarribiko Mintzalagunaren arduradunak azaldu digunez, «pasarteak irakurri ahala komentatu egiten ditugu, ezagutzen ez dituzten hitzak azaltzeko, eta ulermena lantzeko». Horrela, irakurketa eta mintzapraktika egiten dute aldi berean.

Joan den urte bukaerako esperientzia ona izan zenez, ikasturte honetan "Irakurketa Erraza" tailerrari jarraipena ematea erabaki du Euskara Sailak. Lehenbiziko saioa urriaren 7an egingo dute (18:00etan) Udal Liburutegian, eta aldez aurretik izena eman behar da, liburutegiko idazkaritzan bertan, mintzalaguna@hondarribia.eus posta elektronikoan edota 688 865 398 telefonora deituz.