Urriaren 6 honetan, 21:00etan, Metal Aroa irratsaioak denboraldi berriari ekingo dio Antxeta Irratian (eta Euskal Irratien uhinetan). Hamabostean behin, metal musikaren eta historiaren zaleek hitzordu finkoa dute. Denis Alvarez Perez-Sostoa historialariak gertakari historikoak eta metal musika uztartuz 2021ean hasi zuen bere ibilbidea Antxeta Irratian, eta historialariaren hasierako helburua antzinatea lantzea bazen ere, proiektuak dimentsio handiagoa hartu du denboraren poderioz.
Historia du lanbide bezala, baina bere saioan historiari lotuta dauden beste gai asko landu izan dituela dio, literatura edo musika klasikoaren ildotik historia lantzera eraman diona. «Grezia eta Erroma klasikoak pisu handia dute, baina beste aro batzuk ere landu izan ditugu, Egipto, Erdi Aroa, Mesopotamia, piratak, bikingoak, gurutzadak, mitologia, sorginak eta inkisizioa, historian emandako magnizidioak, Beowulf edo El Cid bezalako firugak, literaturaren hastapenak edota I. eta II. Mundu Gerra ere, musika talde askok fijazioa dutelako gai horrekin», dio Denisek. Bestalde, musika talde mitikoei buruzko hainbat monografiko ere eskaini ditu lau urteotan; Blind Guardian edota Iron Maiden esaterako.
Alde horretatik, historiari buruzko azalpen zientifikoak ematen ditu bere saioetan, baina historia lanbide badu ere, Metal Aroa proiektua aurrera eramateko «bi zaletasun elkartu izanak bultzatu» diola aitortzen du. Izan ere, metal zalea izanik, estilo honetako taldeek historiaren pasarte ezberdinak izan ohi dituzte hizpide haien kantuetan. «Talde batzuk kanta solteak egiten dituzte, baina beste batzuk historia dute haien ildo bakarra. Ex Deo talde kanadarrak, adibidez, lau disko argitaratu ditu eta denak Erromari buruzkoak dira, eta Ipar Europako beste talde batzuk bikingoak», azaldu digu.
Hain justu, astelehen honetan Metal Aroaren 50. saioan viking metal mugimenduko Amon Armath suediar death metal taldeari buruzko monografiko batekin abiatuko du denboraldi berria. Bosgarren urtea du, baina proposamen berriak egiteko aukera luzerako duela iragartzen du. Metal zalea den heinean, 2.400 bat abesti bilduta baititu, eta saio bakoitzean 10-12 abesti aurkezten ditu.