Herriko postontzietan banatu duen Alardeari buruzko eskuorria hausnarketarako gonbidapena dela argitu du Abotsanitzek

Antxeta Irratia 2025ko urr. 8a, 09:35

Herritarrek harriduraz jaso duten 30 orrialdeko eskuorriak zenbait sektore asaldatu dituenez, dokumentuaren helburua argitu du Abotsanitzek. "Hitz egiteak zerbaitetarako balio al du oraindik?" edo "Den-dena esanda dago?" bezalako galderak pausatuz, «urteetako minak arindu eta modu eraikitzaile batean pentsatzeko eta sentitzeko hausnarketarako gonbidapen zintzoa» dela azpimarratu dute.

Hondarribiko Alarde egunaren ospakizunetik hilabete betera, auzia pil-pilean da egunotan herrikideen artean. Alde horretatik, azken egunetan herritarren eskuetara iritsi den "Hondarribiko Alarde Herrikoiari" buruzko eskuorria hausnarketarako dokumentua dela argitu nahi izan du Abotsanitzek ohar baten bidez. Herriko postontzietan banatu dute eta askoren harridura sortzeaz gain, hainbat herritar asaldatu ditu. Abotsanitzek azaldu duenez, «herritar bakoitzak, alardeak izan duen bilakaera eta gaur egun zein egoeratan gauden aztertzeari, denbora tartea eskaintzeko proposamena da». 

Hondarribiar bakoitzak «egiteko eta esateko asko daukala sinistuta» daudela diote, eta Abotsanitzetik espazio eta aukerak sortzeko ahalegin guztiak egiten ari direla. Era berean, Alardea hondarribiarren bizitzaren erdigunean kokatzen dela nabarmendu dute, eta herriko ondare nagusienetakoa izanik, «nortasun, kidetasun eta kohesiorako funtsezko zutabe dela, eta ez gatazkarako heldulekua». 

30 orrialdeko eskuorriak hainbat galdera pausatzen ditu, herritarren gogoeta piztu nahian. 

Zentzu horretan, "Hitz egiteak zerbaitetarako balio al du oraindik?" edo "Den-dena esanda dago?" bezalako galderak pausatzeaz gain, eskuzabaltasuna, memoria, aitortza edota ezinikusiari buruzko gogoeta egiteko proposatzen du eskuorriak, etorkizunera begirako aterabide bat bilatzeko. Abotsanitzek argitu duenez, «urteetako minak arindu eta modu eraikitzaile batean pentsatzeko eta sentitzeko hausnarketarako gonbidapen zintzoa» izan nahi du dokumentuak.