Ziabogarik onenak Hondarribiko traineruenak izan dira uda honetan

Antxeta Irratia 2025ko urr. 10a, 08:49

Joseba Amunarriz eta Miren Garmendiak Euskolabel eta Euskotren ligetako patroi onenaren sariak jaso zituzten joan den asteazkenean, Hondarribiko Sutan erretegian egindako ekitaldian. Ohoreaz gain, 3.000 euroko sari ekonomikoa jaso dute biek. Amunarrizen kasuan laugarrena du, eta inoizko patroirik sarituena bilakatu da hondarribiarra.

Udan traineruen emaitzek gehiegi lagundu ez duten arren, Hondarribiko bi patroien lana gainerakoen artean onena izan da ziabogaz-ziaboga. Caixabank Sari honekin, Joseba Amunarrizek jasotzen duen patroi onenaren laugarren saria da, 2009, 2012 eta 2017an eskuratutakoen ondotik. Ama Guadalupekoak bosgarren amaitu du aurten liga, baina Amunarriz aise nagusitu da Caixabank Patroi Onenaren sailkapenean. Guztira 155 puntu eskuratu ditu uda honetan, Orioko Gorka Aranberri (129) eta Getariako Unax Eizagirre (122) hurrengo sailkatuengandik urrun.

Laugarren sari honekin inoizko patroirik sarituena bilakatu da hondarribiarra, lauak etxean arituta gainera. Izan ere, Asier Zurinagarekin (2011, 2013 eta 2020) berdinduta zegoen Amunarriz, eta halako bi sari jaso dituzte orain artean, Endika Perez, Arkaitz Diaz, Ander Etxegoien eta Gorka Aranberrik. «Laugarren aldia da, eta hori da seinale urte askotan ondo egin ditugula gauzak, sari hau talde osoarena da», azpimarratu du Amunarrizek. 

Emakumezkoen Euskotren Ligan, aldiz, Hondarribiak maila galdu du aurten. Baina Miren Garmendia hernaniarrak EITB Patroi Onenaren Saria eskuratu du berdin. Bere kasuan bigarren saria du Hondarribia Arraun Elkartearekin, izan ere, 2021ean ere gailendu zen. Estropadetan emaitzek ez dute lagundu, baina Garmendiak argi utzi du «munduko patroirik onena izan zaitezkeela, baina arraunlarien lanarik gabe ez duela ezertarako balio, eta neskei oso eskertua nago egindako lanarekin».