Aireportuko bidaiariek E21 Hondarribia-Donostia autobusa betetzen zutela ikusita, Hondarribiko Udalak 2023an Gipuzkoako Foru Aldundiari egindako eskaerari erantzunez jarri zuten martxan joan den urtean E30 zerbitzua. Eta apartekoa izanik ere, bere bigarren udan baieztatu egin da beharrekoa zela. Hala pentsatzen du Azahara Dominguez Mugikortasun foru diputatuak. «Gipuzkoako mugikortasunerako funtsezko zerbitzu bezala finkatu da», dio hilabete hauetan geltokiak berrantolatu eta ordutegiak aireportuko zerbitzuak gainontzeko herritarrei eragin ez diezaien egokitu dutela gogoratuz. Era berean, aireportuko dendan bidaiarientzat Mugi txartelak erosteko aukera eman dutela dio, E30 autobus zerbitzua sustatzeko xedez.
Foru diputatuak emandako zifren arabera, bidaien %58 (5.980 guztira) Donostiarako noranzkoan egin dira uda honetan, eta gainerako 4.335 bidaiak Gipuzkoako hiriburutik irten dira aireportura bidean. «Albiste bikaina da uda honetan bigarren aldiz funtzionatu duen linea honek hazten jarraitzea, martxan jartzea oso beharrezkoa zela erakusten baitu», nabarmendu du Dominguezek. Izan ere, E30 lineak aireportuari zerbitzu zuzena eskaintzeaz gain, aireportua erabiltzen ez duten herritarrei ere hobekuntza ekarri die. Bereziki E21 linea uda garaian gainezkatzen zelako.
Alde horretatik, aldundiak zerbitzu hau hobetzeko eta urte osoan zehar eskaini ahal izateko lanean jarraituko duela iragarri du Dominguezek. Eta eskerrak eman nahi izan dizkio Igor Enparan Hondarribiko alkateari «emandako laguntzagatik, eta lan serio bateratu eta hurbila egiteagatik». Zerbitzua hobetze aldera, Lurraldebusek Oarsoaldean eta Bidasoan martxan jarriko duen emakida berrian, zerbitzu hori maletentzako lekua duten autobusekin antolatzea aurreikusten dela jakinarazi du diputatuak, erabiltzaileen erosotasuna hobetuz.