Gran Sol tabernaren mitoa itzela bilakatu da

Antxeta Irratia 2025ko urr. 16a, 10:09

Hondarribian urriaren 13tik 15era ospatutako Euskal Herriko Pintxo Txapelketaren 20. edizioan bere bosgarren txapela jantzi du Hondarribiko San Pedro kaleko establezimenduak. 'Gato Basque' izeneko pintxoarekin Iñigo Tizón eta Alberto Loro sukaldariek lehen saria eraman dute, eta zortzi sari nagusirekin Gipuzkoak aurrea hartu dio Nafarroari palmares historikoan.

Gran Sol tabernak erreserbarik ez du egiten, eta kanpoaldean bezero lerro luzeak ikustea ohikoa bilakatu da azken urteetan. Eta Hondarribia pintxoen arloan erreferentziazko herria bilakatu bada, sukaldari askoren lan bikainari esker oro har, hein handi batean San Pedro kaleko 65.ean dagoen establezimendu honen bilakaerak eman dio sona. Atzo Gran Sol tabernak bere mitoa handitzen jarraitu du, eta urriaren 13tik 15era Itsas Etxea auditoriumean ospatu den Euskal Herriko Pintxo Txapelketaren 20. edizioan txapela jantzi du.

Bosgarrena du. Eta ospatu diren lautik batean gailendu ondoren, Gipuzkoak Nafarroari aurrea hartu dio palmares historikoan zortzi txapelekin. Gogoan hartu behar da, gainera, Gipuzkoan geratu diren beste hiru sari nagusien artean, Hondarribiko Sardara (2016) eta Irungo Danako (2019) jatetxeak ere txapela jantzi zutela.

Oraingo honetan, Iñigo Tizón eta Alberto Loro sukaldariek, 'Gato Basque' pintxoarekin eskuratu dute lehen saria, bigarren eta hirugarren sariak Gasteizera joan diren bitartean, El Toloño (Mitxel Suarez) eta Dolar (Juan Garcia eta Ivan Fernandez) establezimenduetara. 'Gato Basque' du izena, euskal pastiza ospetsuari keinu bat eginez, baina saria besterik ez du gozotik. Oilasko gisatua, almendra hauts eta gerezi gel batez osatua dago, eta begiek ikusten dutenari mingainari ziria sartzeko pentsatutako pintxoa dela nabarmendu zuten sukaldariek Itsas Etxeko aurrez-aurreko sukaldaritza saioan bertan.

Gran Sol tabernak aurkeztutako 'Gato Basque' pintxoa.