Koalizio subiranistak dio "hainbat azpiegiturak herriz eta udalez gaindiko dimentsioa dutela, eremu zabalagoko herritarrei ematen dietelako zerbitzua, baina eragin zuzena daukatela kokatuta dauden udalerriengan". Horren adibide argia da Hondarribiko aireportua, ofizialki Donostiako aireportua izendatu arren. Euskal Herriko hirugarren aireportu nagusia dela gogoratu du Garoa Lekuonak, Hondarribiko EH Bilduko bozeramaileak, Loiuko eta Miarritzeko aireportuen atzetik. Izan ere, Espainiako Estatuaren eskumenekoa den azpiegitura hau urtero 400.000 bidaiari baino gehiagok erabiltzen dute. Zehazki, 2024an 486.494 eta 2023an 474.140 bidaiari jaso zituen.
Azken hamarkadan, Araban, Bizkaian eta Nafarroan arauak eguneratu egin direla nabarmendu du EH Bilduko ordezkariak, eta horri esker hunkitutako udalerriek azpiegitura bereziengatik zerga berezi bat jaso ahal izan dute. "Eguneraketa hori ez da oraindik Gipuzkoan gauzatu, eta horrek egoera bidegabea sortzen du Hondarribiaren kasuan", salatzen du Lekuonak.
Aireportuaren jardueraren ondorioak jasateaz gain, udalerriaren lur eremu garrantzitsu bat okupatzen du aireportuak 1955 urteaz geroztik. Izan ere, terminala eta 1.754 x 45 metroko pistaz gain, 228 plazako aparkaleku bat ere badu.
Horregatik, EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio beharrezko neurriak har ditzala egoera honi irtenbidea emateko, eta aipatutako EBOH zerga Gipuzkoan ere garatzeko urtea amaitu baino lehen. Horrela, Hondarribiko Udalak datorren urtetik aurrera zerga hori kobratzeko aukera izango luke.