Udalak eta Azeri elkarteak irmoki gaitzetsi dituzte Jaizkibel mendian izandako ekintzak

Koldo Nausia 2025eko urriaren 29a

Hondarribiko Udalak Jaizkibelgo mendi-bideetan ibilgailu motordunen joan-etorria mugatzeko iaztik landutako udal ordenantza berriaren kontrako ekintzak egin dituzte. Ezezagun batzuk mendiko seinaleak apurtu eta udal gobernuari zuzendutako pankarta bat ezarri dute mendian.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Jaizkibel mendian jarritako hainbat seinale kaltetu eta margotu dituzte azken egunotan, eta Jaizkibelen ibilgailu motordunen joan-etorriak arautzen dituen udal ordenantza berriaren aurkako pankartak agertu dira. Zehazki, "Jaizkibel mendiaren ordenantzari buruzko akordio bat nahi dugu. Udaletxea (Abotsanitz) ez egin ez ikusiarena" dion kartela

Gertakari hauen aurrean, bai Hondarribiko Udalak bai Azeri Ehiza Elkarteak “onartezintzat” jo dituzte jokabide horiek, eta azpimarratu dute jarrera desegoki horiek “ez dutela inolaz ere ordezkatzen Jaizkibelgo erabiltzaile gehienen jarrera”. Halaber, Azeri Ehiza Elkarteak nabarmendu du, ekintzen egiletza ezagutzen ez bada ere, "horrelako jokabideek ez diotela inolako mesederik egiten ehiztari kolektiboari, gehiengoak mendia errespetatzeko konpromisoa baitauka”.

Ordenantzaren testua idazteko prozesuan Hondarribiko Udalak urtebeteko prozesu bat eraman du, bilerak egin zituen inplikatutako eragileekin, haien iritziak eta ekarpenak jasotzeko asmoz. Azeri Ehiza Elkarteak egindako proposamenetako batzuk ordenantzan jaso direla gogoratu du udalak, eta bi aldeek berretsi dute elkarrizketekin jarraitzeko borondatea, komunitate osoaren onurarako akordio berriak lortzeko helburuarekin.

Udal ordenantzaren bidez, "bereziki ibilgailu motordunen joan-etorriak mendiko pista eta bideetan mugatzeko beharra" zegoela aditzera eman zuen Garoa Lekuona zinegotziak. Eta era berean, mendian gaua nonahi egiten duten turisten eremuak zehaztea. "Jaizkibel akanpaleku handi bat bilakatu da", salatu zuen Lekuonak. 

Alde horretatik, Hondarribiko Udalak eta Azeri Ehiza Elkarteak herritarrei dei egin diete errespetuz eta erantzukizunez joka dezaten, edonolako indarkeria edo gizalegearen aurkako jokabideak baztertuz.