Euskaltegiaren estalkia birgaitzeko lanak hasi dituzte Hondarribian

Antxeta Irratia 2025eko urriaren 30a

Orotara 135.766 euroko inbertsioa egingo du Hondarribiko Udalak eraikinak orain arte izan dituen galera termikoak konpontzeko. Irizpide jasangarriagoak eta energia-autonomia hobetzeko lan hauei esker, lanak amaitutakoan ikasle eta irakasleen eguneroko jarduna erosoagoa izango da. 

Hondarribiko Udalak Euskaltegiko estalkia birgaitzeko lanak hasi ditu, eraikinaren jasangarritasuna indartzeko helburuarekin. Proiektuaren baitan, isolamendu termiko berria instalatzen ari dira estalkian, eta bi mantsarda jarriko dira, argi natural gehiago sar dadin. Hobekuntza horiei esker, eraikinak orain arte izan dituen galera termikoak konponduko direla argitu du udalak, eta bertako irakasle zein ikasleen erosotasuna eta eguneroko jarduna hobetuko duela.

Obraren aurrekontua 135.766 eurokoa da. Garoa Lekuona zinegotziaren hitzetan, «orain martxan dauden lan hauek legealdi honetan abiatutako berrikuntza-prozesuaren jarraipena dira». Azken urteotan euskaltegian egin dituzten hainbat hobekuntza gogoratu ditu hautetsiak; txirrinduentzako aparkalekua sortu eta sarrerako ate berria jarri baitute, eraikina irisgarri egiteko. Oraingo lanak, berriz, jasangarritasuna hobetzeko dira. «Estalkiaren birgaitzea amaitutakoan, galdara berritzea eta eguzki-plakak instalatzea izango dira hurrengo urratsak, eraikinaren jasangarritasuna eta energia-autonomia sendotzeko», azaldu du Lekuonak.

Zinegotziak azpimarratu duenez, udal-gobernuak eraikin publikoak eguneratzeko konpromisoa du, ingurumenaren eta irisgarritasunaren irizpideak oinarri hartuta. Eta Euskaltegian egiten ari diren lan hauek norabide horretan doaz. «Euskaltegia gure udalerriko hezkuntza-sarearen funtsezko pieza da, eta irakasle zein ikasleen jarduna erosoago egiteko lanak beharrezkoak ziren», azaldu du Euskara Saileko udal ordezkariak. Haien hobebeharrez egiten badira ere, obrek eragin ditzaketen eragozpenen aurrean erakusten ari diren jarrera eta lankidetzagatik eskerrak eman nahi izan dizkie udalak irakasle eta ikasleei.