Autozerbitzu makinak jarri ditu Hondarribiko Udalak tramiteak norbere kaxa egin ahal izateko

Antxeta Irratia 2025eko azaroaren 6a

Udal administrazioa arindu eta BAZ zerbitzua bulego ordutegiz kanpo herritarren eskura jartzeko autozerbitzuko makinak jarri ditu Hondarribiko Udalak kiroldegian eta udaletxean. Eta Mendelun ere, beste bat erabilgarri egongo da azaroan zehar, "Stanley" eraikinaren eraberritze lanak amaitu eta ateak zabalduko dituenean.

Irungo Udala 1997 urtean herritarren arreta zerbitzua martxan jartzen Gipuzkoan aitzindari izan zen modu berean, autozerbitzu makinak ezartzen ere berritzailea izan zen 2008an. Orain bide beretik, Hondarribiko Udalak egin du BAZ zerbitzua modernizatzeko urratsa, udal tramiteak «modu bizkorrean eta bulego ordutegitik kanpo» egin ahal izateko. Irunen frogatua dute autozerbitzu terminalak eraginkorrak direla, eta biztanleek HAZ-SAC zerbitzuetako kanal guztien artean (bulegoa, telefonoa eta erregistro elektronikoaren alderatuz) hobekien baloratzen duten zerbitzua da, 5etik 4,88ko notarekin. Hilabetero 5.000 izapide inguru hirian sakabanatuak dauden zazpi makinetan egiten dituzte irundarrek, aurrez aurre 8.000 egiten dituzten bitartean.
 
Horrela, Hondarribiko Udalak herritarrenganako arreta eguneratu eta «ezinbestekotzat» jo duen zerbitzua emango du aurrerantzean. BAZ bulegoa zaharberritu eta gero, orain makina hauek hainbat udal tramite modu bizkorrean eta bulego ordutegietatik kanpo ere egitea ahalbidetuko baitute.
 
Dena den, Igor Enparan alkateak argitu du, autozerbitzu makinek ez dutela bulegoko arreta ordezkatuko, osatu baizik. «Egungo bizitza erritmoari eta beharrei erantzuteko dira, ez baita beti erraza izaten udaletxera joatea bulego ordutegian», adierazi du. Eta gaineratu duenez, makina hauekin herritarrek udal tramiteak beren kaxa egin ahal izango dituzte ilara luzerik gabe eta bulego ordutegien menpe egon gabe. Izan ere, autozerbitzuko makina hauetan, erroldako agiri ofizialak inprimatu, erregistro elektronikoak, udal zerbitzuen eta isunen ordainagiriak inprimatzea eta ordaintzea, edota kultur hitzorduetarako sarrerak erosteko aukera ematen dute.
 
Makinak erabilerrazak direla argitu du alkateak, eta udal gobernuaren konpromisoetako bat betetzen dutela: «Herritarrei beren denboraren jabe izateko tresnak ematea da gure nahia, eta udal administrazioa hurbila, irisgarria eta erabilgarria izan dadila», dio horretan lanean jarraituko dutela azpimarratuz.
 
Mementoz, kiroldegian egunero egongo dira erabilgarri astelehenetik ostiralera, 7:30etik 22:00etara. Eta asteburuero,
larunbatetan, 8:00etatik 21:00etara, eta igande zein jai egunetan, 8:00etatik 20:00etara. Udaletxekoa, aldiz, egunero 8:00etatik 21:00etara. Era berean, Mendelun ere, beste makina bat erabilgarri egongo da azaroan zehar, "Stanley" eraikinaren eraberritze lanak amaitu bezain pronto. Alkateak argitu duenez, «Mendelu erdigunetik aldenduta dagoen auzoa da, eta bertako bizilagunek ere udal zerbitzuetara sarbide erraza izan dezaten ezinbestekoa da».