Zaldunbordako makro-outletaren sustatzaileek ia 14 milioi euroko kalte-ordainak eskatu dizkiote Hondarribiko Udalari

Antxeta Irratia 2025eko azaroaren 6a

The Village Outlet mega-proiektuaren sustatzaile ziren Zaldunborda Berri eta Higertoki enpresek 13,7 milioi euroko kalte-ordainak eskatzeko demanda aurkeztu du Irungo epaitegian. Garaiko alkatea Txomin Sagarzazu (EAJ) presidente zuen Hondarribia Lantzenek esleitu zizkion 2016an Zaldunbordako lurrak Higertoki enpresari, EAJren aldeko botoekin baino ez. Eta 2017an HAPOan egindako akatsen ondorioz bideraezina bilakatu zen. Igor Enparan alkateak demanda «larritzat» jo du, «berriro ere modu bidegabean gure kontura milioiak eta milioiak irabazi nahi dituztelako».

 

40.000 metro koadro, 100 saltoki, 1.000 autorentzako aparkalekua eta urtean 5 milioi bisitari aurreikusten zituen Zaldunbordan egin nahi duten The Village Outlet megaproiektuak. Ezer ezean geratu zen gero, enpresa, administrazio, alderdi politiko, merkataritza plataforma eta talde ekologisten interes eta legearen araberako korapilatsu baten ondotik. Baina gaur jakin izan denez, proiektuaren sustatzaile ziren Zaldunborda Berri eta Higertoki enpresa sustatzaileek ez dute azken hitza esan. Eta proiektua bertan behera geratu izanak ustez eragin die kalte ekonomikoengatik 13,7 milioi euroko demanda aurkeztu dute Hondarribiko Udalaren aurka. kalte-ordainak eskatzen dizkio orain Hondarribiko Udalari.

Udalak ohar baten bidez argitu du, Irungo epaitegian jarritako demandan zehazten dela, 2019-2023 agintaldian EAJ-PNVren gobernuak Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) osatzean egindako akatsek eragin zutela planaren baliogabetzea. Eta horren ondorioz, bihurtu zela Zaldunbordako makro-outletaren proiektua bideraezina. Hori dela eta, tarte horretan sustatzaileek ustez egindako lanengatik «udalaren finantza egoera larriki kolpatuko lukeen ia 14.000.000 euroko demanda» jaso duela azaldu du udalak. 

Igor Enparan alkateak «larritzat» jo du demanda aurkeztu izana, eta Hondarribiko Udalak proiektuaren sustatzaileei diru kopuru hori ordaindu behar izatekotan «udal kontuek kolpe handia jasoko luketela» aitortu du. «Hondarribiarrei eta tokiko merkataritzari inolako onurarik ekarriko ez zion makroproiektu baten sustatzaileek berriro ere gure kontura milioiak eta milioiak irabazi nahi dituzte modu bidegabean», salatu du Enparanek. Argitu duenez, 2 milioi euro inguruko operazio bat ia 14 milioi euroko kalte-ordain bihurtu nahi dute, eta «larria litzateke  epaileek ordaintzera behartuko baligute» dio alkateak. Izan ere, bere ustetan EAJ-PNVko udal arduradunek egindako akats larrien erantzule egingo lioke oraingo udal administrazioari, eta «hondarribiarrok ezin dugu hipotekatu gure oraina eta etorkizuna politiko batzuen kudeaketa kaskarrarengatik», azaldu du udal gobernu buruak.

Zentzu horretan, egoera honen aurrean udal gobernuak herritarren interesak eta udal ondarea defendatuko dituela iragarri du Igor Enparanek. «Ditugun baliabide guztiak jarriko ditugu sustatzaile horien asmoei aurre egiteko, eta modu garden baten bidez egingo dugu, herritarrek Zaldunbordako proiektuarekin gertatu zen guztia hobe ezagutu dezaten», adierazi du, prozesu honek argituko dituen azterketa eta datu guztiak plazaratuko dituztela aurreratuz.

Izan ere, udal gobernuaren ustez, «gutxi dakigu oraindik Zaldunbordako makroproiektuaren inguruan zeuden interes ekonomiko eta politikoen gainean». Hartara, demanda honek «interes ezkutu» horien gainean argi-izpi bat ekartzeko lagundu dezakeela uste du alkateak. 

Gaintxurizketa gaineko interesen korapiloa

Zaldunborda Gelditu! plataforma mega-proiektua geldiarazteko sortu bazen ere, hainbat talde ekologistaz osatutako Bidasoaldeko Lagunak elkarteak ere gogor borrokatu zuen helburu berbera 2017an epaileek HAPOa bertan behera utzi zuten artean. Egitasmoak Jaizkibel-Aiako Harria korridore ekologikoari kalte egingo liokeela gogoratu zuten, Zaldunborda bien artean baitago, Gaintxurizketan. Proiektuaren sustatzaileak petrolioaren sektoreko enpresak zirela ere azpimarratu zuten ekologistek, Petronor eta Avia kasu.

Orduko Hondarribiko alkatea, Txomin Sagarzazu, presidente zuen Hondarribia Lantzen enpresa publikoak Higertoki SLU enpresari esleitu zizkion Zaldunbordako lur horiek 2016an, EAJren aldeko botoekin baino ez. Esleipena «korrika eta presaka» egin zela, eta enpresa bakarra aurkeztu zela salatu zuten ekologistek. Eta lur horien jabetza lortzeko espreski sortutako enpresa zela gaineratzeaz gain, lurren birkalifikazioari lotuta irregulartasunak ere salatu zituzten. Eremua jardun ekonomikoetarako lur izendatzearen aurka agertu baitzen Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordea. Hortaz gain, Higertoki enpresa eta EAJren arteko lotura zuten izenak mahai gaineratu zituen EH Bilduk, tartean Hondarribiko alkate ohia Aitor Kerejetarena.

Hondarribiko Abotsanitz herri batzarra izan zen (orduan oposizioan) gaia mahai gainean jarri zuen lehena, «udal gobernuaren aldebakarreko jarrera eta erabaki itsu eta okerrengatik» kezkatuta. Eta Zaldunborda urte luzeetan hondakindegi ilegal gisa erabilia izan zela salatu ondoren, megaproiektu komertzialari bide emateko, zuhaizti bat baimenik gabe suntsitu izana ere salatu zuen. 

Irungo Udaletik ere jo zuten proiektuaren aurka, arrazoi ekologikoengatik eta tokiko komertzioarengan izan zezakeen ondorioengatik. Izan ere, Irungo udalbatzak Si Se Puede Irun alderdiaren mozioa onartu zuen 2017an, Hondarribiko Udalari proiektua geratu zezala eskatuz.