Urriaren bukaeran hasi eta urtarrilean amaitzen da zuhaitzak kimatzeko udazkeneko denboraldia. Eta gaixorik egon daitezkeen zuhaitzak identifikatzeaz gain, hiriko kaleetan segurtasuna bermatzeko kimatu ohi dituzte adarrak. Irizpide hori jarraituz, urtero ikastetxeetako zuhaitzetatik hasten dute kanpaina, zuhaitzetatik erortzen diren hosto lehorrek eragin ditzaketen eragozpenak ekiditeko, eta egunotan izan ditugun hego-haize boladek apurtu ditzaketen adarren arriskua saihesteko.
Egunotan San Pedro kaleko zuhaitzen txanda izango da. Ondoren, Biteri, Bernart Etxepare, Soroeta eta Alde Zaharreko zuhaitzak kimatzeari ekingo diote. Alde horretatik, herriko zenbait zuhaitz errepideetatik zein aparkalekuetatik gertu daude, eta beraz, lanean hasi aurretik abisuak jarriko dituzte. Izan ere, lan horietarako aparkalekuak erreserbatu beharko dituzte.