Hondarribian, Jaizkibel mendian sutea piztu da gau honetan. Gutxienez bi foko izan dira, San Telmo eremuaren inguruetan, Lurgorriko etxeen gainean bata, eta Kai Berrirako norantzan pixka bat aurrerago bestea, etxeetatik oso hurbil. GI-3361 errepidetik gora izan da sutea, Gornutz auzoan.
Sutea ikusgarria izanagatik ere, hainbat 50 bizilagun inguru etxetik atera behar izan dituzte goizeko ordu txikitan, baita Higer akanpalekua desalojatu ere. Suhiltzaileen brigadak azkar mobilizatu dira, eta gaur honetan Jaizkibel mendian neurtutako 125 kilometro orduko hego-haize ufada indartsuek zaildu badute ere, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Hondarribiko Udalak koordinatutako dotazioek azkar hartu diote neurria suteari.
Igor Enparan alkateak goizetik jarraitu ditu sutea itzaltzeko lanetarako antolatutako dispositiboa, eta eguerdian azaldu duenez, «sutea larria izan da, ikusgarria, eta pertsonak arriskuan jartzen zituenez, segurtasuna izan da lehentasuna». Argitu duenez, ehiza postuen zozketara joan diren ehiztariak, inguruetako 20 etxebizitzatako bizilagunak (50 pertsona inguru) eta Higerreko kanpinean zeudenak ingurutik atera behar izan dituzte.
Suhiltzaileek egindako lana goraipatu du alkateak. Izan ere, goizeko 5:45 aldera piztutako baso-sutea kontrolpean hartu dute 09:00ak aldera, eta foru aldundiak azaldu duenez, «sugarrak kontrolatuta ermeua hoztutzeko lanetan aritu dira ondoren». Suak lau hektarea inguru kiskali ditu, eta lehen hipotesien arabera haizeak botatako poste elektriko batek eragin du sutea. Eta hego-haize zakarrak azkar hedatu du, San Telmo eremuaren inguruetan.
Hain justu, Hego-haize zakarragatik Eusko Jaurlaritzak sute arrisku alerta aktibatua zuen joan den asteazkenetik, eta gau honetan 125 kilometro orduko haize ufadak neurtu dituzte Jaizkibelen.
Ez da hego-haizearekin Hondarribian mendian ematen den su bakarra azken urteetan. Joan den martxoan ere, 30 hektarea kaltetu zituen beste sute bat eman zen, hain justu, itsasoraino jaisten den iparraldeko hegalean, Talaia eremuan. Hartan pinuak erre ziren gehienbat. Oraingo honetan, aldiz, etxebizitza dexente dago suaren eremuan.