Garailearen kultura ikur duen gure gizarte honetan, sarritan goraipatu ohi ditugu kirolariek edota ezagunak diren beste alorretako aurpegien lorpenak. Eta usu komunikabideen lerroburu dira beti irabazleak. Arte eta sorkuntzaren munduan, aldiz, artistak bere tailerraren bakardadean sortutako lanari erakusleihoak bilatzerakoan, bidezidorrez betetako ibilbidea egitera behartuak daude beti.
Judas Arrieta margolari hondarribiarrak ongi ezagutzen ditu xenda horiek, bere ibilbide luzean atzerrian lan egin eta Txinan urte asko eman ondotik, Hondarribira itzuli baitzen aspaldi, «ametsak borrokatzen jarraitzeko prest». Hau da, bere sorkuntza lanean sakondu, eta hura ogibide bilakatzeaz gain, herrian kultura eta sorkuntza suspertzeko ahaleginetan baitabil azken urteetan.
Asiako kulturaren eragina nabarmena da bere obretan, eta «inor ez bada profeta bere herrian», aitortzen digunez, artista gisa Euskal Herrian ezaguna bada ere, bere obra ezagunagoa da atzerrian etxean baino. «Hemen dagoen arazoa da erakusleiho gutxi daudela, nire kasuan Hondarribian udako eta gabonetako merkatuan erakutsi dezaket nire lana, baina erakusketa garrantzitsuagoak egiteko ez dugu leku aproposik eskualdean», dio.
Lehiaketa garrantzitsuenean finalista
Oraingo honetan, aldiz, erakusleiho aparta lortu du Arrietak. Gorena. Margolarientzat espainiar estatuko pintura lehiaketarik garrantzitsuenean finalista izan baita. Reina Sofia Fundazioak bultzatuta, eta enpresa handien babesletzarekin, BMW Sariaren 40. edizioan mundu zabaleko 1.700 obren artean aurkeztu duen "Yokai Parade" (Hana-Bi) koadroa zortzi finalisten artean aukeratu baitu epaimahaiak. Pasa den urtean sariketa berean final aurrera iritsi zela kontatu digu, eta aurten finalera sailkatzea «tokatu» zaiola dio. Honek suposatzen duenagatik pozik dago Judas Arrieta «artean lanean gabiltzanontzako gauza polita da, pentsa mundu osoko 1.600 artista aurkeztu direla, eta zortzi aukeratuak izan garelarik, lau Euskal Herrikoak izan gara, beraz, sasoi onean gaudenaren seinale da hori», azaldu digu. Judas eta irabazleaz gain, José Ramón Amondarain Ubarrechena, Taxio Ardanaz Ruiz, Marta Beltrán Ferrer, Cristina Mejías Gómez, Simón Sepúlveda Braithwaite eta An Wei Lu Li izan dira gainerako finalistak.
Izan ere, aurtengo edizioan Amaya Suberbiola nafarra izan da 25.000 euroko sari nagusi eta bakarra eskuratu duena. Hala ere, azaroaren 3an Madrilgo Teatro Real antzokian ospatu zen munta handiko sari banaketa ekitaldian izan zen Arrieta, lehen lerroan. Eta bere obra 3 hilabetez Madrilgo Conde Duque Zentroan ikusgai egoteaz gain, lehiaketaren eskuliburu batean ere argitaratuko dute.

Horrek ateak ireki ditzakeela pentsatzen du, baina maila horretan aritzea, «esperientziaren zakua betetzeko» balio izan duela sentitzen du. «Lehiaketaren maila handia da, Sofia Erregina delako amabitxia, ponpa handia dago eta jende asko hurbiltzen da erakusketara, aparteko espazioa da zure lana aurkezteko, eta bultzada garrantzitsua izan daiteke», azaldu digu.
Kasu honetan, "Yokai Parade" (Munstroen desfilea) koadroa ez du espresuki lehiaketa honetarako sortu. Baina Antonio López, Miguel Zugaza, Patrizia Sandretto Re Rebaudengo, Guillermo Solana eta Lucia Casani epaileen arreta deitu du. Baita lehiaketaren amabitxiarena ere. Sofia Erregina obrarekin interesatu zen erakusketan, eta hainbat galdera egin zizkiola dio Arrietak. «Azaldu nion nire ibilbidea eta Arte Garaikidearen amerikar eta europar tradiziotik margotzen dudala, baina nire iturriak beti Asiatik datozela», kontatu digu artista hondarribiarrak, «esan nion mundu honetan mandatariek eta nazioek beti bilatzen dutela ezberdintasun horiek erabili kultura ezberdinak kontra jartzeko, eta nik kultur-aniztasunak aberasten gaituela pentsatzen dudala, eta pertsonak batzeko balio dezaketela eta ez ostiaka gabiltzan bezala».
Emaitza baino, prozesua
Erreginari berari aurrez aurre azaldu behar izan dio bere obra, eta hainbat museotako ordezkari eta aditurekin tratu izan du lehiaketa honi esker, baina artistari halako ezsenatokietan aritzeko batzuetan gozoa tokatzen zaion bezala, gehienetan porrotaren garratza egokitzen zaiola argi du. Eta artista baten helburua ez dela lehiaketa azpimarratzen du. «Argi dago artista gisa bizitza atera nahi baduzu, zure obra egin eta saldu behar duzula, eta horrelako lehiaketetan aurkezteko aukera duzun heinean, batzuetan sentitzen duzu obra batek baduela maila horretarako edo iritsi zaiola bere mementoa, baina gure lana estudioan da, hori da aberasgarria, eta gero sartzen da ludopatia jarrera hori. Jokatuko al dut? Azkenean sistema bat da, gizarteak inposatzen ditu modu batzuk, eta pasa behar gara zubi horretatik».
Dena dela, artistaren esku saiatzea besterik ez dagoela aitortzen du, eta «epaimahaiaren araberako loteria» bat dela. Zentzu horretan, halako lehiaketa batean emaitza baino, prozesuari ematen dio garrantzia Judas Arrietak: «Bizitzako gainerako arloetan bezala, saiakera gehienetan galtzen dugu, bakar batek irabazten du beti, baina ezin gara porrotarekin geratu ez gaituztelako hartu, saiatu behar gera beti».